
1997ko martxoaren 22an, Auzitegi Goreneko Hirugarren Salak CESID delakoaren 13 dokumentu sekretu desklasifikatzea erabaki zuen. Segurtasun indarrek borroka kontraterroristan ustez delituzkoak ziren jarduerei buruzko paperak ziren. Kazetaritza-kontakizuna, sumarioko instrukzioa eta agiri desklasifikatu horiek dira 1983an zer gertatu zen argitzen laguntzen digun gida. Urte horretan sortu zen GAL, eta erakunde terroristaren lehen atentatuak egin ziren: Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketa eta heriotza, José Mª Larretxearen bahiketa zapuztua, Segundo Marey bahitu eta askatzea eta Ramon Oñaederra, Kattu eta Mikel Goikoetxea Txapelaren erailketak.