"Transintonia" transexualitatearen aniztasuna azaleratzeko podcasta da. Aitzole Araneta du gidari eta gizarteak gaiarekiko daukan ezjakitasuna asetzeko asmoz sortu da.
1. atala
1. Historia, ''h'' xeheaz
Historia eginez hasiko dugu "Transintonia", transexualitatearen aniztasunaz jardungo den podcasta eta bidelagunak aukeratu ditu Aitzole Aranetak abiatzeko: beti alboan izan dituen gurasoak. Milak eta Jesus Marik, 80ko hamarkada amaieran bizitakotik hasi, eta gaur arteko bilakaera azaldu dute hiruren arteko solasaldi goxoan. Alabak haur zenetik zituen gauzak argi; gurasoen bidea luzeagoa izan da. Aitzolek 20 urte zituela idatzi zuen "Munstruoa" idatziaren zatiak entzungo ditugu, orduko egoeraz jabetzeko. Baita aitak medikuari 2005ean idatzi zion gutuna ere.
2. atala
2. Bidea, ekinez egiten da. Aktibismo berri(tzaile)ak
Naizen elkarteko Aingeru Mayor, sexologoa, eta Bea Sever dira podcasteren bigarren atalera gonbidatu ditugunak. Transexualitaterako bidean familiak aktibismoan murgiltzeak gizarteri egin dion ekarpena aztertu dugu; hala nola, haurren ikusgarritasuna, esaldi topikoak alboratu eta errealitatea egoki nola azaldu, desestimenduak, buloak… eta gurasoen formakuntzak duen garrantzia.
3. atala
3. Hutsunea eta Betetasuna; falta dena eta familia
Urteak pasata, Ekai Lersundiren gurasoekin errepasoa egin diogu transexualitatearen bilakaerari. Espainiar Estatuan legea onartu da, Eusko Legebiltzarrak 2012ko legea birmoldatu du, baina ez dago dena amaituta. Atzera begira jarri gara Elaxar Lersundi eta Ana Belen Martinezekin, beti ere 2018an galdu zuten Ekai semea hizpide dela.
4. atala
4. Hormonak: gorputz eraldaketa eta sexuen zientzia
Irati Lopetegi familia-medikuarekin, transexualitatea zientifikoki azaltzen saiatu gara. Testosterona, estrogenoak, hormonak… gizartean dauden kasuistika ezberdinak. Gizon eta emakumeak sortzetik gara gizon eta emakume, edota erreferentzia kulturalak ezinbestekoak dira bereizketa hori egiteko?
5. atala
5. Erotika eta transexualitatea
Harreman sexualetan eta erotikan murgilduko gara atal honetan Eder Iturralde gaztearen laguntzarekin. Ezjakintasun handia dago arlo honekiko gizartean eta galderak bata bestearen atzetik sortu zaizkigu. Harremantzeko garaian nolako zailtasunak izaten dira? Ligatzea, ezberdin ote da neska edo mutil izanda? Pertsona transexualak fetitxitzatuta sentitzen dira? Zer nolako onarpena izan duzue besteekin harreman erotikoak izateko garaian? Bakarrik egotea izan da transexualitatearen narratiba, egoera hori aldatzen ari al da? Ea bakarren bat erantzuten dugun, gaian interesa duenari egoera argitzeko.
6. atala
6. Trasnteatuz: Transexualitatea eta sormena
Izaskun Arandia eta Esti Urresolarekin, alegia "My Way Out" eta "20.000 erle espezie" filmen zuzendariekin, aztertu nahi izan dugu transexualitateak artean eta kulturan izan duen isla "Transintonia" podcastaren seigarren eta azken atalean. Gaiarekiko interesa nola piztu zitzaien ere jakin nahi izan dugu haien ahotik. Emakume izanik, transexualitatea bezalako gai sozialak ezberdin kontatzen ote diren ere galdetu diegu. Fikziotik nolako mundua irudikatu genezake? Eta etorkizunean, fikzioa lagun, desagertuko ote dira sexua eta gaur egungo etiketak?
7. atala
0. Transintonia: Transexualitatearen aniztasunaz, Aitzole Aranetak gidatuta
"Transintonia" transexualitatearen aniztasuna azaleratzeko podcasta da. Aitzole Araneta du gidari eta gizarteak gaiarekiko daukan ezjakitasuna asetzeko asmoz sortuta dago. Medikuntzan, familian, aktibismoan edo eta artearen aldetik begiratuta lehen eskuko informazioa eskura jarriko dugu sei ataletan zehar. Fisiologia, erotika, sentimenduak eta gizarteak gaiarekiko izan dituen eta gaur egun dituen aurreiritzi eta jarrerak dira aztergaia.