% 100 Osasuna. Aritz Agirre eta Rafa Aguilerak gidatutako futbol solasaldia.
1. atala
2026/05/25
Getafe 1-Osasuna 0. ¡Gora Elche!...y ahora a hacer limpieza general en casa.
Getafek 1 - Osasunak 0. Gora Elx!...eta orain, ekin diezagun behingoz etxeko garbiketa orokorrari. Premiazkoa du Osasunak neurri sakonak hartzea futbolak eman dion ikasgaia aintzat hartzeko eta sustoa tragedia bilaka ez dadin. Osasunaren denboraldi tamalgarriaren eta bere amaiera agonikoaren balantzea egin dugu ikasturteko gure azken "tertulia gorrian". Osasunaren noraeza aztertu dugu, azken bost jardunaldietan areagotu den gainbehera, kontu puntuala izatetik urruti, klubaren kudeaketan eta lidergoan dagoen norabide eza agerian uzten duena, etorkizuneko proiektu egonkor bat sortzeko dituen egitura, estrategia eta definizio arazo larriengatik. Klubaren gailurrari, atikoan agintzen dutenei so jarri gara, arazoak aztertu eta sakoneko aldaketa edo ezinbestekoa den iraultza exijitzeko. Osasunak ziklo berri bat eraiki beharra du, eta horretarako ezinbestekoak dira taldea berritzea, entrenatzaile berri bat ekartzea, harrobiko politika berpiztea eta bazkide guztiena den klub hau gobernatzeko eta kudeatzeko beste modu bat ezartzea. Denboraldiko azken tertulia gorria osatu dugu Amaia Markotegi, Josetxo Zubillaga, Txarli Pérez, César de Luis, Félix Monreal, Mikel González, Sotogorri, Javi Urtasun eta Fran Pardo del Burgorekin batera, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak zuzenduta.
2. atala
2026/05/18
Osasuna 1-Espanyol 2. Temblando al borde del despeñadero.
Osasunak 1 - Espanyol-ek 2. Amildegiaren ertzean dardarka. Denboraldiko solasaldirik ezkorrena osatu dugu, hain justu Osasunak dena jokoan duen unean. Izan ere, Espanyolen aurkako porrotak —laugarrena jarraian— talde blokeatu eta urduri bat erakutsi digu, denboraldiko azken-aurreko jardunaldian joko-ideia argirik gabeko entrenatzailea buru duena. Ametsgaiztoa infernu bilakatu da Osasunak bere etorkizuna Bordalásen Getaferen aurka jokatuko duela kontuan hartuta, eta Getafek Europarako sailkatzeko irabaztea ezinbestekoa duelarik, bere zaleen aurrean gainera. Osasunak mailari eusteko dituen aukerak aztertu ditugu, kalkulagailua eskuan (Getafen puntuatzea, edota galtzekotan, Elchek Gironan puntuatzea). Halaber, azalpenak eskatu ditugu Alessio Lisci entrenatzailearen erabaki okerren aurrean (hamaikakoetan, aldaketak egiterakoan eta partiden kudeaketan), baita Zuzendaritza Batzordearen erreakzio falta eta pasibotasuna kritikatu ere. Izan ere, jaitsiera ezinezkoa zela irudikatu baitute, eta mezu hori helarazi, Bigarren Mailara erortzeko arriskuak ziurgabetasunez beteriko egoera uzten duelako. "Lo que el rojo no ve y la roja tampoco" atalean, Mikel Gonzalezekin batera, Lisciren "guardia pretoriarraren" aldeko apustua aztertu dugu; jokalari batzuek euren bertsiorik onena erakutsi arren, meritokraziaren ordez aulkira kondenatuta jarraitzen dutela ikusita. Larrialdiko solasaldi gorria osatu dugu Amaia Markotegi, Javi Urtasun, Ruben Compains, Josetxo Zubillaga, Txarli Perez, Imanol Itokun eta Fran Pardo del Burgorekin; ETB-2ko "Navarra Hoy" saioaren Amaiur Elizariren "kameoa" eta guzti, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak zuzenduta.
3. atala
2026/05/11
Levante 3-Osasuna 2. La capacidad ilimitada de hacer el ridículo.
Levantek 3-Osasunak 2. Ridikulua egiteko gaitasun mugagabea. Levanteren kontra modu esperpentiko eta ridikuluan erori ostean, nola altxatu bihar Atlético de Madriden aurka Sadarren? Ezin ahantzi Osasunak merezimenduz galdu zuela, 11. minuturako 0-2 aurretik zihoala, eta aldiz denon harridurarako berpiztu egin zuela jaitsiera postuetan, jota zegoen aurkaria. Egoera honetan jokalariak babestu behar dira ala gehiago estutu? Testuinguru horretan osatu dugu Atlético de Madriden kontrako partidaren atarikoa. Osasunak bizi duen egoera bitxia aztertu dugu: Europako postuetarako lehian, baina aldiberean salbazioa bermatzeko puntu baten faltan. Lore-ontzi osoa Sergio Herrerarentzat; loreak, aldiz, Budimir, Aitor Fernandez eta Moncayolarentzat. "Lo que el rojo no ve y la roja tampoco" atalean, ulertezina den partidu honen gakoak aztertu dizkigu Mikel Gonzalezek. Sotogorrirekin hitz egin dugu Osasuna Promesasek Talaveraren aurka azken minutuan lortutako garaipenaz (2-1), salbazioaren mirariarekin amesten jarraitzeko bide ematen duena. Solasaldi gorria osatu dugu Javi Urtasun, César de Luis, Iñaki Berastegi, Amaia Markotegi, Josetxo Zubillaga, Txarli Pérez eta Fran Pardo del Burgorekin batera, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak zuzenduta.
4. atala
2026/05/04
Osasuna 1-Barça 2. Maneras de perder.
Osasunak 1-Barçak 2. Galtzeko era ugari dago Bere alderik baikorrenetik aztertu dugu Osasunak Sadarren Barçaren aurka jasandako porrota, taldeak nortasuna, adorea eta joko onarekin egin diolako aurre Ligako txapeldun birtualari bere armez baliatuz, aurrekontu erraldoiaz eta izarrez jositako taldearen kontra. Osasunak 80. minutura arte eutsi dio Bartzelonari, Budimirren bitartez bi gol aukera onenak sortuz, akatsik gabe defendatuz, eta baloia zuzen eta bertikalki jokatuz, Barçaren atzelarien bizkarra bilatuta. Loreak Moi Gómez eta Raúl García de Harorentzat, eta loreontziak Aimar Oroz eta Rosierrentzat. Raúl García de Haroren estatistika ikusgarriez eta haren eraginkortasun handiaz solastu gara; Budimirren itzalpean bizi eta minutu gutxi izanagatik gauzatzen ari den denboraldi eta bilakaera bikainaz. "Lo que el rojo no ve y la roja tampoco" atalean Liscik diseinatutako hiru altuerako zelai erdia azaldu digu Mikel Gonzalezek, baita Moi Gómezen ekarpena taldearen jokoaren zuzendari gisa. Laura Teruel Osasunako atzelariari egin diogu elkarrizketa, F Ligara igotzeko play-offerako sailkapena lortu ondoren, lau urtean hirugarrena, Taxoaren Alavesen aurka berdinduta (1-1). Bestetik, Osasuna Promesasek miraria gauzatu eta Lehen Federazioari eusteko dituen aukerak aztertu ditugu Sotogorrirekin, bigarren sailkatua den Celta B-ren aurka lortutako garaipen handiaren ondoren (0-1) . Tertulia gorria osatu dugu Amaia Markotegi, Gorka Azpiroz, César de Luis, Txarli Pérez eta Fran Pardo del Burgorekin batera, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak zuzendua.
5. atala
2026/04/27
Osasuna 2-Sevilla 1. ¿La salvación justifica los medios?
Osasunak 2 - Sevillak 1. Salbazioak bideak justifikatzen al ditu? Uda iritsi da Sadarrera dagoeneko. Baina pozaren eta kritikaren arteko kontrastean bizi izan dugu: alde batetik, azken minutuan Sevilla menderatzeak eta mailari eusteak sortzen duen ilusioarekin, baina bestetik kritiko, gola jaso arte Osasunak eginiko partido aspergarri eta etsigarriarengatik. Jokorik gabeko Osasuna, erritmorik gabe, anbiziorik gabe eta "rasmia"rik gabe... Lisci-ren joko-planaren "kortsea" hautsi eta erasorako bere aldaketei esker erreakzioa iritsi zen arte. Raúl García de Haro, Moi Gómez, Kike Barja eta Raúl Moro izan ziren suspertzaileak, eta haiek eman zioten buelta partidari. "Lo que el rojo no ve y la roja tampoco" atalean, Rubén Garcíaren posizio antzua, Javi Galánen bizkarrean aurkariak topatzen dituen ahuleziak eta Aimar Oroz nola berreskuratu aztertu dugu Mikel Gonzálezekin batera. Horrez gain, Claudia Jiménez Gutiérrez Osasunako aurrelariari egin diogu elkarrizketa, Lleidan galdutako partidaren ostean (1-0); porrot horrek kolokan jartzen du play-offetarako sailkapena azken jardunaldian. Solasaldi gorria osatu dugu Iñaki Berastegi, Rubén Compains, César de Luis, Josetxo Zubillaga eta Fran Pardo del Burgorekin batera, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak zuzenduta.
6. atala
2026/04/20
Previa: Osasuna valiente u Osasunica, ante el Athletic en San Mamés?
Atarikoa: Osasuna ausarta ala "Osasuntxoa", Athletic-en aurrean San Mamesen? Final itxurako euskal derbi honen gako guztiak aztertu ditugu solasaldi gorrian, denboraldi amaierari begira Osasuna zein Athleticen helburua definituko duen partida erabakigarrian: Europako postuetan sartzeko, ala mailari eusteko. Osasunaren balizko hamaikakoa, Lisciren taldeak erakutsi beharreko anbizioa eta izaera, gorritxoek San Mamesen dituzten aukerak eta baliabideak aztertu ditugu, baita ahuleziak ere. Partidako planaz hitz egin dugu Mikel Gonzalez gure entrenatzailearekin eta Alberto Negrori, Radio Euskadin Athleticen inguruko informazioaren jarraipenaz arduratzen den kazetariari galdetu diogu Bilbon nola bizi duten eta prestatzen ari diren derbia, premiak jota eta aurreikuspenen azpitik igarotzen ari den denboraldi honetan. Horrez gain, Fran Pardo del Burgok aztertu dizkigu derbirako hautatu dituzten arbitroak: Victor García Verdura kataluniarra eta VARean egongo den Carlos del Cerro Grande madrildarra. Era berean, Athleticen kontrako derbiaren atarian, Osasuna Promesas-ek bizi duen makalaldia eta harrobiko talde nagusien denboraldi eskasa azertu ditugu Sotogorrirekin batera, baita nola eutsi dakiekeen talentu gehien duten jokalariei oihanaren legean sartuta; aurrekontu, instalazio eta palmares hobea duten klub edo entitateen eskaintzen aurrean. Solasaldi gorria osatu dugu Amaia Markotegi, Javi Urtasun, Txarli Pérez eta Josetxo Zubillagarekin, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak zuzenduta.
7. atala
2026/04/13
Osasuna 1-Betis 1. Punto vs sensaciones
Osasuna 1-Betis 1. Puntua vs. sentsazioak Bidezkoa izan al da berdinketa Osasunarentzat, ala gehiago merezi izan du Betisek bizirik irautea lortu duen bigarren zatian? Lisciren taldeak partiduan izandako fase desberdinak aztertu ditugu; lehen zatia aldapa gora jarri zitzaion Abderen erruz, baina ondoren, estu hartu zuen Europa helburu duen Betis. Baloia mugituz eta erdiraketen bidez Osasunak txiki bilakatu zuen talde andaluziarra. Betis sendoa izanagatik ere, epel jokatu zuen partidaren hainbat unetan. Aimarrek partidan izan zuen rolari buruz eztabaidatu dugu: jokoan garrantzi handiagoa izatea eta gol aukera gehiago sortzea eskatzen zaio. Era berean, Iker Muñozen kontratu berritzea eta baloiarekin taldeari ematen dion dinamismoa ere hizpide izan ditugu. Eta, amaitzeko, Raul Morok jokatutako minutuak eta Herrando Juan Cruzen ordez aldatu izana aztertu dugu. Loreak Victor Muñoz eta Iker Muñozentzat, "lorontzia" Valentin Rosierrentzat. "Lo que el rojo no ve y la roja tampoco" atalean, Osasunak lehen zatian izandako arazoen erradiografia egin digu Mikel Gonzalezek: Fornalsek erdikaldeak zuen funtzioarekin eta hegaleko atzelariak hain gora jarrita, Manuel Pellegrini Betiseko entrenatzaileak zer lortu nahi zuen azaldu digu Gonzalezek. Solasaldi gorria eta kasu honetan "ochentero"-a osatu dugu Ligako jardunaldi retro honetan, Iñaki Berastegi, Cesar de Luis, Amaia Markotegi, Felix Monreal, Josetxo Zubillaga eta Fran Pardo del Burgorekin batera, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak zuzenduta.
8. atala
2026/03/30
Recalculando...la hoja de ruta de Osasuna para llegar a Europa
Europarako bide-orria birkalkulatzen Ligako etenaldiaz baliatu gara denboraldiko azken txanpan Osasunak dituen erronkak eta helburuak aztertzeko, baita Alessio Lisci Osasunako entrenatzailearen gestioa eta bilakaeraren balantzea egiteko ere. Etxetik kanpo Alavesen aurka Osasunak jokatuko duen hurrengo derbiaren atarikoa osatu dugu, Raul Pando, Radio Euskadin talde babazorroaren jarraipena egiten duen kazetariarekin batera. Era berean, Osasuna zaleek duten kezka eta eztabaidagai nagusiak jaso ditugu solasaldi gorrian: Víctor Muñoz-i eutsi ahal izanen dio Osasunak? Gehiegizko itxaropena jarri al da Raul Mororen fitxaketan, ala pazientzia kontua da? Budimir al da aldagelako lider berria, lehen etxeko jokalariek hartzen zuten rola bere gain hartuta? Kike Barjak merezi al du kontratua berritzea? Iritsi al da Iker Muñozek Torróri 'sorpassoa' egiteko unea? Horrez gainera, harrobiari buruz eta Osasuna Promesasek etxean Guadalajararen aurka lortutako garaipen frenetikoaz (4-3) hitz egin dugu Sotogorrirekin. Zaila bada ere, matematikoki amesten jarraitzeko aukera bermatzen du garaipen horrek, zortzi jardunaldiren falta salbazioa zazpi puntura egonagatik ere. Osasunaren Kontrol eta Jarraipen Batzorde bereziaren bilera osatu dugu, komunikabide ezberdinetan talde gorritxoaren jarraipena egiten duten kazetariekin batera: Rafa Aguilera (Radio Euskadi), Iñaki Berastegi (Euskadi Irratia), Josu Ganuza (ETB), Javier Saldise (Diario de Noticias), Gorka Fiuza (Diario de Navarra) eta Nacho Matxin (Gara), Aritz Agirrek gidatuta.
9. atala
2026/03/23
Osasuna 1-Girona 0. Budimir avista Europa.
Osasuna 1-Girona 0. Europari so jarri gaitu Budimirrek. Pantaila gainditu eta gora begira jarri behar al dugu? Horretara garamatza Lisci-ren aroko lehen zati onenak, Girona bezalako aurkari indartsu bat lotu eta menderatu ondoren, eta Anoetako porrotak sortutako zalantza guztiak ziurtasunez bete ostean. Loreak Osasunako entrenatzaile erromatarrarentzat, garaipena eraiki baizuten bere erabakiek, Iker Muñoz hasieratik zelairatuta, eta Aimar Orozen ordez Kike Barja sartuta, Victor Muñoz (partidako jokalaririk onena) bigarren aurrelari gisa kokatzeko. Beste behin ere, Ante Budimirren burukada zital batek berretsi du garaipena, kasu honetan Kike Barjarekin duen konexioari esker; azken honek bere berritzea aldarrikatu du beste asistentzia erabakigarri batekin. "Lo que el rojo no ve y la roja tampoco" atalean, Iker Muñozekin batera Moncayolak zuen funtzioa aztertu digu Mikel Gonzalez-ek: nola deuseztatu zuten Girona erdialdetik, eta zein erabaki taktiko eta futbol bertute izan ziren Osasunaren denboraldi osoko lehen zatirik onena borobildu zutenak. Bestetik, elkarrizketa egin diogu Saioa Larumbe Osasunako atzelariari, Valencia Féminasen aurka etxetik kanpo galdu ostean (1-0), igoerarako play-offeko postu onenean sailkatzeko helburutik urruntzen baititu atzoko porrotak. Solasaldi gorria osatu dugu Javi Urtasun, Amaia Markotegi, Txarli Perez, Ruben Compains eta Fran Pardo del Burgorekin batera, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak zuzenduta.
10. atala
2026/03/16
Reala 3-Osasuna 1. Osasunica otra vez en el diván
Realak 3-Osasunak 1. Osasuna txiki eginda, berriro dibanean Anoetatik bueltan Osasunak denboraldiko partidarik txarrena osatu du, zale txuri-urdinek gola ospatzen duten antzera buelta eman eta bizkar emateko modukoa, baina partida osoan zehar. Realak Osasuna menderatu du futbol jokuan, kalitatean eta intentsitatean; ahazteko moduko partida eta ikasteko moduko porrota. Osasunak ez zirudien Realaren zuzeneko aurkaria zenik, eta porrota mingarriak Europatik lau puntura eta jaitsiera postuetatik zortzira utzi du talde gorria. "Lo que el rojo no ve y la roja tampoco" atalean, Mikel Gonzalezekin batera aztertu dugu Matarazzoren Realak nola itoarazi zuen Lisciren Osasuna, banakako markaketak eginez. Fran Pardo del Burgo gure arbitro emerituarekin errepasatu ditugu bi penalti polemikoak: Osasunaren aurka seinalatutakoa eta alde adierazi ez zuena; azken honetan, Aramburuk baloia eskuarekin ukitu arren, bere aldeko falta adierazi baizuen aurretik emandako bultzada "leunegia" izanagatik. Sotogorrirekin Osasuna Promesasen egoera errepasatu dugu, Athletic B-ren aurka harrobien arteko lehian galdu ondoren (0-1). Kasu honetan ere polemika egon zen arbitroarekin, eta porrotak salbaziotik hamar puntura uzten ditu gorriak, hamar jardunaldiren faltan. Solasaldi gorria osatu dugu Rubén Compains, Amaia Markotegi, César de Luis, Josetxo Zubillaga eta Rafa Mungiarekin batera, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak zuzenduta.
11. atala
2026/03/09
Osasuna 2-Mallorca 2. Un partido de veinte minutos.
Osasunak 2 - Mallorcak 2. Hogei minutuko partida. Euforia eta etsipena eragin duen partidaren kronika osatu dugu. Goraldia, Osasunaren erreakzioagatik, berdintzea lortu zuelako, 89. minutuan 0-2 galtzen zihoan partida. Etsipena, horren aurretik erakutsitako joku eskasagatik. Iraganeko mamuak suspertuta, erasoan antzu, erritmorik gabe eta defentsan hutsegite nabarmenak eginez. Aldiz, amaierara arte sinesteko meritua izan zuen Osasunak, Mallorca bere arean sartuta eta jaitsiera postuekiko distantziari eusteko puntu bat urratuta. Bereziki, Kike Barjak eta Ante Budimirrek gidatuta eta Sadarren bultzada erabakigarriari esker. "Lo que el rojo no ve y la roja tampoco" atalean, Demichelisen erronbo-sistema aztertu dugu Mikel Gonzalezekin batera. Mallorcako entrenatzailearen debutean, taktika horrek ezustekoan harrapatu zuen Lisci, eta Osasunaren erasoa zapuztu zuen. Loreak Budimir eta Barjarentzat; "lorontzia", aldiz, Sergio Herrerarentzat, Mallorcari lehen gola oparitu zion akats galantagatik. Fran Pardo del Burgok 8,5eko nota eman dio arbitrajeari. Solasaldi gorria osatu dugu Amaia Markotegi, Javier Urtasun, Josetxo Zubillaga eta Txarli Perezekin batera, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak zuzenduta.
12. atala
2026/03/02
Valencia 1-Osasuna 0. Resacón en Mestalla.
Balentziak 1-Osasunak 0. Bestondo-aje galanta Mestallan. Real Madrili duela astebete irabazi zion "Osasuna handiaren" eta atzo Valentzian galdu zuen "Osasuntxoaren" artean dauden mila ezberdintasunak identifikatu ditugu solasaldi gorrian. Lehen itzulian etxetik kanpo erakutsitako bide kaskarrera itzuli gara, ala atzoko porrota salbuespen puntuala besterik ez da, taldea motibatzeko zailtasunarengatik eta Liscik eginiko planteamendu atzerakoia soilik Balentziako partiduan kokatu behar da? Osasunak hautsi egin du bigarren itzuliko bolada ona, porrota jaso du sei partida jarraian galdu gabe egon ostean, hiru zutoinen artera jaurtiketa bakar bat ere egin gabe eta defentsako akats larri baten ondorioz, penaltia kontra adierazi eta gola jasota. Balentzia urduri baten aurka galdu zuen Osasunak, etxekoek izan zuten aukera bakar horren eraginez. Loreak Javi Galan, Kike Barja eta Jon Moncayolarentzat; lorontzia, berriz, Jorge Herrandorentzat, penaltiaren eta golaren jokaldi horretan egindako hutsagatik. "Lo que el rojo no ve y la roja tampoco" atalean, Mikel Gonzalezekin batera aztertu dugu Aimar Orozen hutsunea eta erasoko jokoa ehuntzeko jokalari falta. Era berean, bigarren zatian bi aurrelarirekin jokatzeko sistemaren gabeziez hitz egin dugu, baloia mugituko zuen erdilaria falta zuelako Osasunak, Moi Gomezen aldaketa beranduegi iritsi baitzen. Solasaldi gorria osatu dugu Amaia Markotegi, Felix Monreal, Iñaki Berastegi, Gorka Azpiroz, Cesar de Luis eta Fran Pardo del Burgorekin batera, Aritz Agirrek eta Rafa Aguilerak zuzenduta.