Judith Monterok musikari buruzko ezagutza eskaintzen digu, musu truk. Aloña Berazak gidatutako Argi Ibili saioko edukia da, Euskadi Irratian.
1. atala
2026/09/09
Postal musikatu bat udari eskainia
Edertasunaren Eguna aitzakiatzat hartuta, Judith Montero musikariarekin batera udako postal musikatu bat osatu dugu. Galiziatik Portugalera, Costa Bravatik Brasilera eta Senegaletik Euskal Herrira, hainbat doinuren bidez bidaiatu dugu, itsasoaz, herriminaz, oporrez eta oroitzapenez hitz eginez. Besteak beste, Pascual Veigaren Alborada galega, Sílvia Pérez Cruzen Vestida de nit, Amalia Rodriguesen fadoa, Yo-Yo Maren Chega de Saudade, Ismaël Lôren Tajabone eta John Taveneren Total Eclipse entzun ditugu. Ibilbideari amaiera Mikel Laboaren Gure Bazterrak kantuarekin eman diogu, inguruan dugun edertasunari beste begirada batez erreparatzeko.
2. atala
2026/09/21
Musika, memoria ariketa gisa
Judith Monterok musikak memorian eta emozioetan duen eraginaz hitz egin digu gaur. Alzheimerra duten pertsonengan musikak sortzen dituen emozioen inguruko ikerketa batetik abiatuta, hainbat pieza ekarri dizkigu: alaitasuna, lasaitasuna, nostalgia, esperantza, etxeko goxotasuna, haurtzaroko oroitzapenak edo dantzatzeko gogoa pizten dizkiguten doinuak. Izan ere, musika entzutea baino askoz gehiago ere bada: gure bizipenak eta oroitzapenak berpiztu, egoerak kudeatzen lagundu eta une berriak sortzeko gai da.
3. atala
2026/10/05
Maestro eta maestrak
Irakasleen Nazioarteko Eguna hizpide hartuta, Judith Monterorekin musikaren irakaskuntzaz eta irakasleek ikasleen bizitzan duten eraginaz aritu gara. Saxofoi-irakasle eta musikariak musikaren historiara eraman gaitu, Napoliko lehen kontserbatorioetatik Parisko Goi Mailako Musika eta Dantza Kontserbatoriora, eta bertatik igaro ziren hainbat musikari eta konpositoreren istorioak ekarri dizkigu. Besteak beste, Giovanni Battista Pergolesi, Domenico Cimarosa, Hélène de Montgeroult eta Juan Crisostomo Arriaga ezagutu ditugu, eta musikaren munduan irakasleek eta erakundeek izan duten garrantziaz hausnartu dugu. Amaitzeko, Olatz Zugastiren “Bizirik gaudelako” kantua ekarri digu, irakaskuntzaren eta komunitatearen arteko lotura gogora ekarriz, Orioko herriari egindako oparia.
4. atala
2026/10/20
Nadia Boulanger. Musikaria eta musika-pedagogoa
Nadia Boulanger musikariaz aritu zaigu Judith Montero saxofonista eta musika-irakaslea. Nadia Boulangerrek musikaren pedagogian jardun zuen, 1.200 ikasle izan zituen. Musika-tradizio handiko familia batean jaio zen. Bere aita Ernest Boulanger konpositorea zen eta ama Raissa Ivanovna Mychestsky errusiar printzesa eta abeslaria. Bere ahizpa, Lili Boulanger, talentu handiko konpositorea. Parisko musika-ikastegian ikasi zuen Gabriel Fauré maisuarekin. Gazte sartu zen kontserbatorioan eta berehala erakutsi zuen pianista eta organista gisa zuen trebezia.