Garbiñe Larrearen podcast honetan sendabelarrei buruzko bitxikeriak, erabilera praktikoak, belarren munduan aritu eta adituak direnei elkarrizketak eta bestelako kontu asko aurkituko dituzu. Argiako podcasta, GUAUn ere entzungai.
18. atala
12/06/2026
18. Psyllium baino plantaina nahiago
Entzule baten proposamenari heldu eta psyllium zuntzari buruz hitz egin dugu, izan ere, boladan ipini da psyllium hautsa eta badirudi denok hartu beharrekoa dela. Zuntz hau plantaina familiako hazia da eta idorreriari aurre egiteko erabili izan da. Baina egun, asko apetitua erregulatzeko erabiltzen ari dira, gosea kentzeko, eta hemen datoz arazoak. Horren aurrean, erabili zuhur eta zentzuzkoaren alde aritu gara, glutenik gabeko ogia egiteko, adibidez, aproposa da. Antzeko funtzioa betetzen duen sendabelarra badugu gure artean eta gaur honi egin nahi izan diogu tartea: plantaina (Plantago lanceolata). Psylliumen familiako beste ale bat, askoz ere baliagarriagoa eta interesgarriagoa iruditu zaiguna. Ikasturte honetako azken atalari amaiera emateko santio-belarrarekin (Hypericum perforatum) oleato bat egitea gomendatu dizuegu. Udan egin dezakegun lana da eta altxor handia da kolore gorrixkako oleato hau etxean edukitzea.
17. atala
05/06/2026
17. Zikutak ez du argirik
Argia ematen duten landareak, hau ikusteko ere jaio garela dirudi. Gure artean ditugun landare ohikoak dira asko, orkideak edo krasak adibidez, baina zuhaitzekin ere ari dira halako probak egiten. Bioluminiszentzia deitzen zaio eta tratamendu genetikoak eginda lortzen da, hau da, landare transgenikoak dira. Ipurtargien eta berezko argia duten onddoen geneak hartu eta landareei txertatuta ari dira halakoak lortzen. Baliteke honek gure paisaia urbanoak urte gutxiren buruan aldatzea. Atal honetako sendabelarra, berriz, ez da propioki sendabelarra, landare toxikoa bizik. Zikutari buruz aritu gara, baina uda partean askok azenario basatiarekin nahasten dute. Albistea Argentinatik ekarri dugu, han mihiluarekin nahasten dutelako. Gaur egun telefonoan ditugun aplikazioen akatsak direla medio, pozoinketak eta heriotzak gertatzen dira. Horregatik, arduratik eta halakoak gerta ez daitezen, nola jokatu azaldu dugu. Gomendioarena atalean une hauetan egiteko moduko ukendu bat: Milagritos deitutako ukendua hain zuzen. Berbena (Verbena officinalis), pasmo-belarra (Anagallis arvensis) eta plantaina arra (Plantago lanceolata) erabilita egiten den ukenduaz ari gara.
16. atala
15/05/2026
16. Intsusa, azala gaztetzeko (ere bai)
Badirudi natura denok maitatzen dugun zerbait dela, baina ez da hala. Berriki egindako ikerketek diote biofobia areagotzen ari dela hirietan. Zer den eta zerk eragiten duen jakin nahi izan dugu, baina batez ere zein ondorio ekartzen dituen. Gure artean biofobiarik ba ote dagoen pentsatzen ere aritu gara. Udaberrian intsusari buruz aritu beharra dago eta gaur ikerketa bat ekarri dugu, azalaren foto-zahartzea eta inflamazioa nola hobetzen dituen ikertu baita. Hari horri segituta, intsusa loreekin seruma nola egin azaldu dugu gomendioen atalean.
15. atala
01/05/2026
15. Ogiek herrialdea eta transmisioa
Hainbat herrialde indigenentzat sendabelarren inguruko jakintza altxor handia da, baina lanak dituzte ondorengoei transmititzen. Keniako adibide bati buruz aritu gara gaurkoan: Ogiek herrialdeari buruz, sendabelarren inguruko jakintza nola bildu eta helarazi behar den ikusteko adibide ona baitira. Gaurko sendabelarra, berriro ere, txikori-belarra da. Baina oraingoan Japonian sendabelar honek dituen esanahi espiritualak izan ditugu kontuan.
14. atala
17/04/2026
14. Zuhaitzak ere sendagai
Animaliak eta landareak soinuen bidez komunikatzen dira, lehen ere aritu izan gara gai honetaz. Gustatzen zaigun gaia da eta beste ikerketa bat ekarri dugu, lerro beretik, biologian gauzak aldatu egin baititzake. Animaliak eta landareak, azken hauentzat estres egoerak daudenean, komunikatu egiten direla ikusi da berriro ere. Gizakiak entzun ezinezko hertzio maila batean gertatzen da hau eta biokomunikazioaren esparruan jakintza areagotzea ekarri du, oraindik ikertzeko dagoen interakzio akustikoko sare bat badagoela esan nahi baitu. Zuhaitzak ere badira sendabelar, akaso senda-zuhaitz esan beharko genuke. Pinua eta zedroa sendagaiak dira eta Europa iparraldearekin alderatuta gure artean erabilera tradizio txikiagoa duten arren, merezi duten sendagaiak dituzte. Gomendioen atalean landu dugu zer eta nola erabili.
13. atala
27/03/2026
13. Txikori belarra, berriz ere
Txilen “belar txarrei” buruz egindako ikerketa lan bat dugu hizpide, eta belar txartzat hartutako hauetako bost landareri buruz aritu gara, sendabelarrak baitira. Baztertuak izanagatik badituzte onurak, eta gainera, Euskal Herrian ere baditugu aipatu bost sendabelarrok. Hemendik hara mugitutakoak dira, sendabelar kosmopolitak. Atal honetako sendabelarra: txikori-belarra. Bai, berriz ere sendabelar honi buruz aritu beharra daukagu, baina gaur modeloen lagun omen delako dakarkigu. Ondoren, sendabelar honen erabileratan sakondu dugu, erabilera anitzekoa baita.
12. atala
13/03/2026
12. Goroldio xumetik azafraira
Artsenikoz kutsatutako ura garbitzen duen goroldio bat gaurko atalean. Izan ere, artseniko kutsadura osasun publikoko arazoa da egun, glifosatoa bezalako agrotoxikoengatik, eta ez da batere samurra kutsadura honi ihes egitea. Baina bada berri on bat: “Warnstorfia fluitans” goroldio xumeak uretako kutsadura modu eraginkorrean garbitzeko gaitasuna duela frogatu du. Atal honetako sendabelarra azafraia da, sendabelar eta espezia artean dagoen altxorra. Onura berriak aurkitu dizkiote eta horretaz aritu gara. Gomendioaren tartean azafraia nola erabili aipatu dugu, ikerketatik praktikara salto eginaz.
11. atala
27/02/2026
11. Artemisa, sendabelar onirikoa?
Atapuerca esanda ez zaigu landaredia etortzen burura, baina bertan loratzen diren 600 landareren katalogoa aurkeztu dute, beraz, bada landarerik zonalde honetan. Burgoseko probintziako lau landaretik bat Atapuercan dago, eta hori izugarrizko proportzioa da. Albiste horrekin hasi dugu podcasta. Atal honetako sendabelarra artemisa izan da. Erabilera anitzeko sendabelar honek sinesmen asko ditu bere inguruan, eta guk bati heldu diogu: amets egiteko, edo hobe esanda, eginarazteko, omen duen gaitasunari. Sendabelar onirikoa den ala ez erabilerak esango digu, hala atala honetako aholkua artemisa nola eta zertarako erabili izan da.
10. atala
13/02/2026
10. Hamabi konposatu minbiziaren kontra
Oso modu arraroan aldatzen ari dira landareak Danimarkan, eta zientzialariek ez dakite zergatik. Albiste deigarria iruditu zaigu eta atalaren sarreran hainbat hipotesiri buruz aritu gara. Gai nagusia, berriz, minbizia izan da, bere kontra egiteko hamabi osagai edo konposaturi buruzko ikerketa sendo bat, zehazki. Hauetako asko sendabelarrak dira, eta batzuk gure artean oso ohikoak. Gomendioaren atalean ikerketa honetan aipatzen diren konposatu hauek nola baliatu eta egunerokotasunean nola erabili landu dugu.
9. atala
29/01/2026
9. Erruda, pozoinetik magiara
Erruda edo boskotxa (Ruta graveolens) da atal honetako protagonista. Entzule batek idatzi zigun errudaren inguruan galdezka, hain zuzen, bere amatxik zizareen kontra erabiltzen zuelako. Ahotsak.eus atarian bilaketa egin eta Martina Bergararen ahotsa ere ekarri dugu, berak erruda nola erabiltzen zuen azaltzen baitu bertan. Sendabelar hau nolakoa den, zertarako erabiltzen den, eta batez ere, erabilera seguru bat nola egiten den landu dugu. Horretaz gain erabilera magikoak ere izan ditugu hizpide, sendabelar honen inguruan halako usteak eta erabilerak badirelako.
8. atala
16/01/2026
8. Emakume zientzialariak bai, guruak ez!
Rosa Tristanek “Mujeres con Ciencia” webgunean idatzitako artikulu bat landu dugu. Asima Chatterjee kimikari indiarraz aritu gara. Emakume honek balio handiko lana egin zuen sendabelarren eta botiken arloan eta interesgarria iruditu zaigu bere bizitza gure podcastera ekartzea. Ayurveda medikuntza tradizionalean erabiliak diren sendabelarrak ikertzen hasi zen, eta haietatik eratorritako botikak sortu zituen, gaur egun ere minbiziaren, epilepsiaren eta malariaren aurka erabiltzen diren farmakoak. Naturan oinarritutako medikuntza arloa landu zuen, zientzia arlo oso bat. Bere ametsa sendagai ayurvedikoak garatzeko sendabelarren institutu bat sortzea zen, eta haren alboan saiakuntza klinikoak egiteko ospitale bat. Amets hau egi bihurtzea lortu zuen, eta sendabelarrekin lan egiteko molde bat eta bide bat ireki ere bai. Ondoren yogi tea infusioaz aritu gara, 1969an Bhajan Yogiak erregistratu zuen infusioa. Gure podcastean bosgarren saioan landu genuen chai infusioaren oso antzekoa dela ikusi dugu, baina kasu honetan erregistratutako marka batez ari gara. Guk geuk etxean presta dezakegun infusioa da eta hori da proposatu duguna; jatorrizkoa duen te beltzaren ordez rooibos sendabelarra ipinita. Askotan ematen den aholkua yogi tea infusioari rooibos ipintzea da, eta honek magnesioari buruz hitz egiteko aukera eman digu. Rooibos sendabelarrak eta te berdeak zenbat magnesio duten azaldu dugu, baina benetan magnesioa kakaoan dagoela azpimarratu dugu. Beraz, magnesioa nahi izatera txokolatea jan, eta rooibosa edan, baina gustuko duzulako, ez magnesioagatik.
7. atala
09/01/2026
7. Sendabelarrak eta botikak, ze parea!
Sendabelarren eta botiken arteko elkarreraginak izango ditugu hizpide. "Emaidazu zerbait naturala, botika asko hartzen dut eta" bezalako esaldiak askotan entzuten ditugu, eta pentsamolde horren okerraz aritu gara. Rosario Cáceres Fernández-Bolaños farmazialariak idatzitako artikulua ekarri dugu. Bertan botika “kimikoen” eta alternatiba “naturalen” arteko talkaz ari da; idorreria, liseriketa txarra, lotarako arazoak, likido atxikipena eta gernuko infekzioak tratatzeko zein sendabelar erabiltzen diren eta zein botikarekin duten elkar eragina azaltzen digu. Baita estimulatzaile eta tonikoek duten elkar eragina zein den ere. Ondoren gorputzeko ehunak zaintzeko eta inflamazioa kontrolatzeko infusio baten inguruan aritu gara, Helena del Pesco sendabelarretan adituak formulatutako infusio batez alegia. Gaurkoan lau sendabelar landuko ditugu: plantaina (Plantago lanceolata), malba (Malva sylvestris), ilena (Calendula officinalis) eta salbia (Salvia officinalis). Jatorrian malbaren ordez Estatu Batuetan oso ohikoa den malba zuria (Althaea officinalis) darabil, baina guk hemen arrunta den malbarengatik ordezkatu dugu. Gomendioaren atalean infusio hau nola prestatu eta nola erabili landu dugu, bai barne eta bai kanpo erabileran.