Poesia nonahi edo inon ez egon daiteke. Zuzendaria eta aurkezlea: Jose Luis Padron
1. atala
03/09/2025
Hasiera bat, baina bestelakoa
Irailaren lehenengo aste honetan hasi gara saio berriekin, Lizardiren Baratza 25-26 denboraldiko lehenengo saioa. Horregatik da hasiera bat, eta izan zitekeen beste bat. Bizitzan bezala, irratian ere, egunero hasten gara.
2. atala
10/09/2025
Frisoko balleta
70 urte Arantzazuko santutegia bedeinkatu zutela eta 75 urte lehen harria jarri zutela. 1950eko abuztua zen. Egun batzuk geroago, irailaren 9an, Arantzazuko Ama Birjinaren eguna aprobetxatuz, basilika berriaren lehen harria ipini zuten. 1955eko uztailaren 1ean Oteizak Arantzazu abandonatu zuen, eta abuztuaren 30ean bedeinkatu eta zabaldu zuten basilika, apostolu eta pietaterik gabe. Santutegirako errepide bazterrean abandonatuta geratu ziren ordurako tailatuta zeuden lau apostoluak eta harrizko beste blokeak.
3. atala
16/09/2025
Rifqa, poesia errezitaldia
Katakrak argitaletxeak Palestina okupatuan jaiotako Mohammed el-Kurd poetaren 'Rifqa' plazaratu du euskaraz, Eider Beobide Urkizarrek itzulita. ‘Rifqa’ olerki liburuan oinarrituta, ‘Honengatik egiten dugu dantza’ errezitaldia eskaini du Eider Beobidek, Xalba Ramirez eta Peru Galbete musikariekin batera. Donostian egin zuten errezitaldia, 2025eko martxoaren 10ean, Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatzen duen PoetiKa zikloaren baitan. Lehen aldiz emanaldia osorik entzungai jarri dugu Lizardiren Baratzean.
4. atala
23/09/2025
Joxe Azurmendi: Hitz berdeak
Saiakerek eman zioten Joxe Azurmendi zenari osperik handiena, baina bere lehen liburua, poema bilduma bat izan zen, Hitz berdeak izenekoa, 1971n argitaratua. Lehena eta bakarra. Armiarma.eus atariak Azurmendiren zazpi poema entzuteko moduan jarri ditu, Jose Luis Otamendiren ahotsean.
5. atala
30/09/2025
Artzainak, gure lehen poetak
Literatura eta natura uztartzen dituzten topaketak antolatu dituzte azken urteotan Iratiko basoan, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako lurraldean. Aurten, Orbaizeta izan da Euskal Herriko Irakurle Taldeen topaleku handia, "Literatura eta bortua" jardunaldian. Bertan aurkeztu du Oskar Alegria zinemagileak "Artzainak, gure lehen poetak" bere film dokumentala.
6. atala
14/10/2025
Idazketa kolektiboa
Medikua den idazlea da Arantzazu Lizartza (Leitza, 1994), idazlea den medikua. Eguneroko ertzetan aurkitu du poesia idazteko materiala. Eta ospitaleko begiradetan poesia idazteko aitzakia. Hau du bere lehen liburua: O negatiboa. Poesia liburu bat, Pamiela argitaletxearekin. Poesiak sendatu, elikatu eta batu egiten du.
7. atala
21/10/2025
Lauaxetaren menua
1935ean Arrats Beran bere bigarren lana argitaratu zuenean, poetari lagunarteko afaria eskaini zitzaion Artxandako Jauregizar jatetxean. Afaria hartako argazkia ez ezik, menua ere gorde da, 'Euzkadi' egunkariak argitaraturiko berri bati esker. Hona hemen: Zizka-mizkak, Ur irakinetan eginiko arrautzak chantilly-rekin, Otarrain-menestra amerikar erara, Tournedos rossini erara, Oilanda trufaz betea, entsalada, Pralin izozkia, Negus tarta, Fruta, eta Riscal eta Montecillo ardoak. Bada zer jan eta zer edan berriro gure mahaietan.
8. atala
28/10/2025
Doluaren amaigabetasuna
Ama hil ondorengo bizipenak jasotzen dira 'Dolu-egunerokoa' liburuan, eguneroko moduan. Ama hil eta biharamunean bertan ekin zion Roland Barthes intelektual frantziarrak ohar laburrak idazteari, amaren heriotzak utzitako galera eta eragindako samina idazketaren bidez kudeatzeko. Oso liburu egokia da doluaz eta heriotzaz pentsatzeko. Doluaz ez ezik, munduari buruzko ikuspegiaz ere hitz egiten du Barthesek, testu laburren bidez. Danele Sarriugartek euskaratu du 'Dolu-egunerokoa' Katakrak argitaletxearentzat.
9. atala
03/11/2025
Mundua glosatzea
Tere Irastortzak aukeratu du poesia idaztea, eta horretan egon da. Euskarari eutsi dioten memoria eta hitzak erabiltzeko beharra sentitu du beti. Aurreneko liburua 19 urterekin argitaratu zuen, orain dela 45 urte. Glosak/Glosar el mundo (Contrabando, 2024) eta Glosak/Glossar el món (Contrabando, 2024) liburukietan Irastortzaren olerkien aukeraketa zabal bat dago jasota, lau hamarkadako ibilbide poetikoa. Glosak/Glossar el món poesia antologia goratu du 2025eko Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Sariak, liburuaren katalanerako itzulpena eta edizioaren kalitatea nabarmenduta.
10. atala
11/11/2025
Zergatik Oteizak ez?
Beñat Sarasolaren azken liburuko –Coca-cola bat zurekin (Susa, 2024)– zati batean Jorge Oteiza agertzen da, 1960an parte hartu zuelako MoMA museoko (New York) erakusketa batean; bere lau eskultura erakutsi zituzten han. Eta horren bueltan, ikerketa bat egin zuen Sarasolak bere libururako. Orioko Udalak idazleari proposatu zion horrekin zerikusia zeukan zerbait prestatzea Oteizaren jaiotzaren urteurrenaren harira. Beñat Sarasolak hitzaldia eman du Orioko Salatxo aretoan: Ezerezean aztarrika: Jorge Oteizaren nazioarteko ibilbide itsua. Oteiza oso ezaguna da Euskal Herrian eta eragin handia izan zuen, baina haren nazioarteko ibilbideari buruz gutxi hitz egin izan da. Hitzaldian arlo horretan sakonduko du Sarasolak, eta azalduko du Oteizak zer harrera eta zer ibilbide izan zituen nazioartean. Txillidak sekulako sona lortu bazuen nazioartean, zergatik Oteizak ez? Sarasolak badu horren inguruko zenbait hipotesi.
11. atala
18/11/2025
Frankismoaren kontra, poesiara
1960ko hamarkadaren erdialdetik aurrera kulturaren mundua Francoren kontra azaltzen hasi zen gero eta era agerikoagoan, eta jarrera hori indartu egin zen 70eko hamarkadan, diktadorea hil ondorengo ilusio urteetan dena egiteko zegoela ikusita.
12. atala
25/11/2025
Beti nota altuan
Jexuxmai Lopetegi zarauztarra Akelarre taldean aritu zen abeslari eta gitarrista, eta Akelarre taldearekin egin zen ezagun, 80ko hamarkadan. Bakarlari gisa ere hainbat disko kaleratu ditu. Lopetegik garrantzia handia ematen dio melodien musikaltasun fin eta dotoreari, baina arreta berezia ipini die baita ere abestien hitzei. Jexuxmai Lopetegik bere ibilbide guztian zehar josi ditu sekulako mimoarekin poesia eta musika. Itzal zaunka (Elkar) disko-liburuan Lopetegiren lana Olariagaren marrazkietan eta Canoren testuan oinarritutako kantuak sortzea izan da. Guztira, 11 kantuk osatzen dute diskoa, eta izugarrizko ekarpena egiten diote liburuari. Dena bat da.