Kirolari ezagunek egun egiten duten kirolean eman zituzten lehen urratsak eta horren zergatiak azaltzen dizkigute aurrez aurreko elkarrizketa lasaian.
1. atala
1. Aitzol Atutxa: ''Kirolak eman dit naizena''
Aitzol Atutxa (Dima, 1988) aizkolariaren elkarrizketak abiatuko du "Lehen urratsak", kirolari ezagunekin osatu dugun podcasta. Atalez atal jasoko dugu, lehen eskutik, jolasetik jokora egin duten bidean eman dituzten urratsen berri. Lehen podcastaren gonbidatua, nerabe zela hasi zen aizkoran eta maila gorenera heldu da. Enpresa arloko ikasketak egin zituen Atutxak eta hortik ateratzen du bizimodua. Kirol arloko emaitzak, asko saiatuta eta familia eta lagunei orduak ostuz lortu ditu. Enpresa mundutik ikasi du "helburuak ondo zehaztuta bakarrik" egiten dela aurrera eta presioa ez dela une oro berdina. Futbolean ere aritu zela esan dio Haritz Gallastegiri, baina "aizkorak harrapatu" zuen. Entzun lekukotza podcastean.
2. atala
2. Orkatz Beitia: ''Atletismoa bizitzeko era bat da''
Orkatz Beitia (Ondarroa, 1979) berrogeita bi urteko atleta da. Lasterketa laburretan, Euskal Herrian izandako atletarik azkarrena da, izan ere ondarroarrak jarritako markek indarrean jarraitzen dute. Goi mailako atletismoak fisikoan albo kalteak uzten ditu, baina garbi ikusten du "ez nago kirola egiten ez duten lagunak baina okerrago". Atletismoak "dena" eman dio bizitzan, filosofia oso bat. Arantzaren bat ere badago tartean, jakina. Eta ikasketa bat ere bai "abiaduraren bitartez nire gorputzaren muga ezagutu dut". Ondarroan ez zegoen atletismo pistarik bera hasi zenean; badaki zer den saiatzea, beraz. Gaztetxoak trebatzen ditu kirol horretan eta horrek betetzen du podcastean Xabier Muruari azaldu dionez.
3. atala
3. Leire Olaberria: ''Oreka bilatzeko baliatzen dut orain bizikleta''
Joko Olinpikoetan brontzea eskuratu zuen Leire Olaberriak (Ikaztegieta, 1977) Beijingo Jokoetan, 2008. urtean. Belodromoak utzita, mendiko bizikletarekin maitemindu da orain. Txikitan energia askoko haurra zela gogoratzen du, Ikaztegietako plazan mutikoekin jolasten zuen neskatoa. Goi mailako txirrindularitza utzita, gaur orekatuta jarraitzeko balio diotela bi gurpilek esan dio Jon Altunari. Ikusmira zabalagoa du, eta bere buruari lehen baina gehiago barkatzen dio. Kirolariek ama izateko duten eskubidea, besteak beste.
4. atala
4. Oiana Blanco: ''Ahizparen urratsak jarraituz hasi nintzen judoan''
Oiana Blanco (Usurbil, 1983) munduko azpi-txapeldun izan zen 2009an Roterdamen jokatu zen munduko txapelketan -48 kg kategorian. Ahizparen urratsak jarraituz hasi zen eta gurasoen erabateko babesarekin Londresko 2012ko olinpiar jokoetan parte hartzeraino iritsi zen. Txikitan beste kirol batzuetan ere trebea zen eta dena ematen zuen, baina gerora Judoari heldu zion gogor bakarkako kirolek eskatzen duten diziplinaz. Tatami baten gainean nazioarteko jende ezberdinarekin topo egitea "beste galaxia" batera joatea bezalakoxea egin zitzaiola azaldu dio podcastean Maitane Urbietari.
5. atala
5. Pou anaiak: ''Mendiarekiko grina gurasoengandik jaso dugu''
Eneko Pou (Gasteiz, 1974) eta Iker Pou (Gasteiz, 1977) eskalatzaileek munduko bazter ugari ezagutu dituzte horma eta bide berriak esploratzen. Gaur egun, oraindik ere, eskalada da anaia bien bizitzaren erdigunea. Nerabe zirenetik gozatu dute kirolaz, lehiakortasun izpiriturik gabe eta emaitzak lortzeko "talde ona" osatu dutela esan diote Maitane Urbietari "Lehen urratsak" podcastean. Balioez eta naturaz gozatzeko lekua jotzen dute mendia, "pasioa", naiz onartzen duten horma batzuek ordu luzeetan erakarri dituztela.
6. atala
6. Leire Agirre: ''Txikitatik gustatu izan zait kirolean destakatzea''
Leire Agirre (Azpeitia, 1974) txikitatik izan da kirolzalea. Eskaladan zentratu zen gaztetatik eta mundu mailako lehiaketetan parte hartutakoa da. Txapelketak gaitasunak azaltzeko aukera moduan hartu izan ditu eskalatzaile azpeitiarrak. Txapelketetan aritzeko asko saiatu behar du kirolariak, baina Leirek ez du damurik "kendu baina gehiago eman" diolako eskaladan aritzeak, jende, egoera eta leku asko ezagutzeko aukera besteak beste. Emozioez, presioaz eta bizitzaz aritu da Agirre.
7. atala
7. Markel Alberdi: ''Oraingo Markelentzat, ez du merezi jokoen sakrifizioak''
Mikel Alberdi igerilariak Rioko Jokoen gozoak eta antsietatearen garratza dastatu ditu. Ingeniaritza mekanikoko ikasketak eginda, beste ate batzuk zabaldu zaizkio orain, bere tatuajeak dioen bezala "ezina, ekinez egina". Haur zela hasi zen Markel igeriketan, ikasketak eta igerilekua aldi berean tartekatuz eta askotan bere kasa lan eginez. Horrek bizitzarako balio izan dio Jon Altunari azaldu dionez. Atzera begiratuta, eliteko kirolak dituen alde on eta txarrak zehazteko gai da.
8. atala
8. Eugenio Goikoetxea: ''Etxeko sala txirrindulariz beteta izaten genuen''
Txiki-txikitatik ibili da bizikleta artean Eugenio Goikoetxea (Hernani, 1969). Etxeko sala txirrindulariz beteta gogoratzen du ume garaian, aitak masajeak ematen zituelako. Bizikletei begira hezi zen hernaniarra, Caja Rural Seguros RGA talde profesionaleko zuzendari izatera ailegatu zen. Euskadi Irratiko iritzi-emaile lanak egiten ditu. Nerabe zela, hamasei urterekin hasi zen txirrindularitzan lehiatzen. Eskolan, oso ona ez eta kirola egitetik kentzea izaten zen entzuten zuen mehatxua. Kirolarien elikadura eta materiala nola aldatu den azpimarratu dio Jon Altunari.
9. atala
9. Esther Arrojeria:''Usurbilgo Kalexar auzoan etxean bezala ibiltzen ginen''
Jaio zen herriagatik dauka eskubaloi afizioa Esther Arrojeriak (Usurbil, 1994), hala dio berak. Gaur egun, Super Amara Bera Berako kapitainetako bat da. Ume garaian bizikleta berde txiki bat hartuta, beldurrik gabe ibiltzen zen auzoan gora eta behera. Eskegitzen zitzaizkien baloien bila igotzen zen balkoietara. Gaur egungo umeen artean, kale-giro edo xarma hori galdu egin dela uste du. Egun, ausarta izaten jarraitzen du, baina ardura handiagoz begiratzen dio arriskuari batez ere lesioak uxatzeko. Gogorra da bere buruarekin eta ikasketa gisara hartzen ditu bizitzako pasarte guztiak.
10. atala
10. Ander Okamika: ''Txikitatik gustatu zait erresistentzia kirola egitea''
Ander Okamika (Lekeitio, 1993) Burgos BH taldeko ziklista da egun. Txirrindulari profesional izan aurretik, Ander triatleta izan zen. Oso gaztetan ekin zion triatloia praktikatzeari, nahiz eta hasieran beste kirol batzuekin uztartzen zuen. Hamalau urterekin egin zuen triatloiaren aldeko apustua, eta Lekeition, etxeko lasterketan, jantzi zuen bere lehendabiziko dortsala. Beste garaipen batzuen artean, distantzia erdiko triatloian Espainiako txapeldun izan zen 2019an. Bizitzan gauzak gertatzen badira, zerbaitegatik gertatzen direla sinistuta egiten du aurrera Anderrek, saiatuz eta baikor. Iñaki Berastegik elkarrizketatu du.
11. atala
11. Izaskun Zubizarreta: ''Mendian plazerik handiena, eskiek ematen didate''
Izaskun Zubizarreta (Oiartzun, 1970) txikitatik hasi zen mendiaz gozatzen, etxetik jaso zuen zaletasuna. Mendira era askotara hurbiltzen da, baina gozamenik muturrenekoa mendi eskiak ematen dio, "elurrak badu zerbait berezia" azpimarratzen du. Bere lehen urratsetan ez zeukan kirolerako aukera handirik, "garai hartan mutilek futbola zuten, eta neskek solfeoa". Baina urteek aurrera eginda mendiari gogor eutsi zion, gaztetan udaran Pirineotan "eroen pare 3.000koak tatxatzen ibiltzen ginen", neguan mendi eskia zuten, eta ia kasualitatez nazioarte mailan lehiatzeko aukera etorri zitzaion. Galtzea zer den galdetuta, "zure buruari jarritako helburua ez betetzea, postu zehatzen gainetik" aitortu dio Kepa Iribarri.
12. atala
12. Patri Espinar: ''Kantxan oso lehiakorra naiz, naturan bat ere ez''
Patri Espinar (Usansolo, 1985) pilotarekin lotzen dugu. Aitzindarietako bat izan da eskuzko emakumezkoen pilota zabaltzen. Baina kirol horrekin batera, afizioz eta ikasketaz, naturarekin ere badu lotura. Batean erakusten duen irabazteko grina, bestean erabat baztertzen du lasaitasun bila. Gogoan du beti izan dela mugitua, "oso txikitan hasi nintzen trebatzen eta jarduera ezberdinak esploratzen, eta satisfazio handia ematen zidan horrek" esan dio Kepa Iribarri. Norbere nahiak betetzeko borrokatu beharra azpimarratu digu Espinarrek, "nire barruko indarra eta buru gogorra izatea baliatu ditut nik nire ametsak gauzatzeko".