
Araua eta arrakala. Bi egoera horien arteko tentsioan bizi dira ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta nagusiki gizonez ari dira. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez, esan ez ziren sentsazioez. Aitak, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; aldapan behera eta frenorik gabe doan hiru laguneko gorputz bakar bat; Zarautz, Elgoibar, Kubarekiko desira itsua; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia. Zortzi istorio anitz eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) bere hirugarren narrazio lanean ( SUSAk, 2024) eta audioliburu formatuan eskaintzen dizu GUAUk, zortzi ataletan banatuta eta egilearen beraren ahotsean.