Euskal Herriko sortzaileen lana erakusten duen eta kultur proiektu eta espazioen berri ematen duen saioa.
1. atala
11/09/2025
Jone, batzuetan, Funts, Ibai Fresnedo eta Lohi Ensemble
Bilboko Aste Nagusia bukatuta, Kaskagorri Konpartsako desmuntatze-lanetan aurkitu dugu Sara Fantova zinemagilea. Bere lehen film luzearen inguruan hitz egin digu: `Jone, batzuetan¿. Zinemaldiaren baitan EITBk ematen duen Egile Berriak Saria jasoko du zinemagile bilbotarrak. Zirkuan aritzeaz gain, artista plastikoa ere bada Miren Barrena donostiarra. Oinarrizko beharretatik abiatuta sortu du `Funts¿ erakusketa. Xerra Espazioan erakutsi du eta bertan izan ginen inaugurazio egunaren bezperan. Ibai Fresnedoren kultur proposamenak jaso ditugu, Bilbi eta Sanfran arteko txokoetan zehar. Aktibista transfeministak dantzarako musika, podkast berezi bat, ikus-entzunezkoak eta liburu bat ekarri dizkigu. Jon Bellido eta Aitor Garcia de Vicuñak osatzen dute Lohi Ensemble. Biak ala biak musika talde ezberdinetan ibiliak, esperimentatzeko gogoak batu zituen. Elektronikatik abiatuta, eta inprobisazioa bidelagun, sonoritate ezberdinak bilatzen saiatzen dira etengabe.
2. atala
18/09/2025
Argi Gorriak, Etxe Betea, Ainhoa Urien eta Mel Arranz
Lehen aldi bikoitza du Alberto Gastesi zinemagileak, lehen aldiz komedia eta lehen aldiz telesaila. Ez ohiko familia baten gora beherak kontatuko ditu "Argi Gorriak" telesailak, Vidania Films ekoiztetxearen eskutik. Gariza Films ekoiztetxeak sortu zuen, 2022an, Etxe Betea proiektua, emakume zinemagileei ekoizpen fasean laguntzeko asmoz. Bi egitasmo ezagutu ditugu: "Gela bat norberarena" eta "Elkarrekin sortzen". Ainhoa Urien idazle eta gai jartzailearekin batu gara Donostian bere gustuko kultur proposamenez berba egiteko. Bide batez, martxoan kaleratutako "Ehun zaldi trostan" narrazio liburuaz ere galdetu diogu. Mel Arranzek ez du estudiorik, eta horrek bere produkzioan eragina duela badaki. Horregatik marrazten du koadernoan edo digitalki. Azken aldian, oihalekin ari da esperimentatzen, arkitekturan eta espazio hutsetan sortzen dutena arakatu nahian.
3. atala
25/09/2025
Azala, Zeru Ahoak, Antton Goikoetxea eta Maddi
Kaleko eszenatik barrualdera pasatuko dira DAB konpainiako dantzariak azken lana aurkeztera: "Azala". Bost dantzari eta txelista bat ikusiko ditugu, baina lan talde handiago batekin osatu den emanaldia da. Esperantza transmititzeko konpromisoa hartu dute denek. "Hondar Ahoak" telesailetik 5 urte igaro ondoren "Zeru Ahoak" jarraipena sortu du Koldo Almandozek. Bere bulegoan hartu gaitu sekuentzia bat xehe-xehe erakusteko eta bi proiektuak lotzen dituen liburua aurkezteko. Musikaria izateaz gain, artista bisuala ere bada Antton Goikoetxea mungiarra. Lukiek taldearekin diska berria aurkezten ari dira herriz herri. Aukeratutako kultur lanez hitz egin dugu berarekin. "Amaitasuna" deitzen da Maddi Etxeberriaren lehen lan luzea; "amaiera" eta "maitasuna" hitzen batuketatik dator. Abesti sakonak eta lasai entzutekoak direla dio. Gaur egun kantu berriak sortzen dabil eta horiek erakutsi dizkigu Lizarran.
4. atala
02/10/2025
Igogailu batean amaitu zen mundua, Karmele, Mikel Bilbao eta Chulería, Joder!
"Igogailu batean amaitu zen mundua" du izenburu AmaHiru antzerki konpainiaren azkenengo lanak. Zer gertatuko litzaiguke ezezagun batekin igogailuan gaudela harrapatuko bagintu munduaren amaierak? Asier Altunak bere azken lana aurkeztu du Donostiako Zinemaldian, "Karmele". Txintxuako bulegoetara gonbidatu gaitu, sekuentzia bakar batekin filmean ageri diren kontrasteak azaltzeko. TOC taldeko Mikel Bilbaok bere disko, liburu eta pelikula kuttunez hitz egin digu Mungian. Ezkerraldetik eta apaltasunez dator Chulería, Joder! punk-rock taldea beraien bigarren diskoa aurkezten: "Siempre me siento regular". Alda, Myriam, Antton eta Iratxek osatzen dute inor epel utziko ez duen taldea.
5. atala
09/10/2025
Akerman, Galeria Lumbreras, Ibai Osinaga eta Ariana Rac
Chantal Akerman zinegilearen laguna baina batez ere lankidea izan zen Claire Atherton. Komisario bezala izan da aurten Artiumen, elkarrekin sortu zituzten pieza instalatiboak erakusketan antolatzen: “Chantal Akerman, irudiari aurre egitea”. Arantza Santestebanek bisita gidatua egin digu. 1970ean ireki zituen ateak EHU-ko Arte Ederren Fakultateak. Efemeride hori hartu du abiapuntu gisa Lumbreras Galeriak bere erakusketa berrirako. Fakultatetik pasatu diren hamar emakume bizkaitarren lanak bildu dituzte, pinturak 50 urte hauetan izan duen bilakaera erakusteko. Ibai Osinaga musikariarekin elkartu gara bere Irunberriko Sima estudioan eta gustuko dituen disko, liburu eta ikus-entzunezkoak aurkeztu dizkigu. Ariana Rac artistak Zas Kultur Espazioan hartu gaitu bere lanaren inguruan hitz egiteko. Dardara oinarri hartuta erakusketa bat prestatu du metalari arrakalak eginez.
6. atala
16/10/2025
Saturbo-Barra-bás, Tina Barney, Kepa Matxain eta Kotoi
Dantzan Bilaka koreografiaren alorreko akonpainamendu eta laguntza programan hautatua izan zen Dpvillanuevak zuzendu duen pieza. Oihana Vesga dantzariarekin garatutako lana da, dantzariaren figuraren inguruko testuaren gainean aktibatzen dena. Estreinuari begirako azken ikutuekin dabiltza. `Familia-loturak¿ du izena artista estatubatuarraren omenez egindako erakusketak. Haren klase altuko familia erretratatuz hasi zen argazkigintzan eta 40 urteko ibilbidea osatu du. Donostiako Tabakalera, Kutxa Fundazioaren Artegunean, ikusgai. Bertsolaritzari buruzko tesiaren prestaketa lanetan hamaika aldiz ibili da Kepa Matxain Miramongo basoan barrena. Bertan hartu gaitu bere kultur proposamenez hitz egiteko. Duela pare bat urte hasi ziren gelditzen Jon Salinas eta Elena Nuñez elkarrekin jotzeko. Batak baxua eta besteak bateria. Aurten kaleratu dute ¿Domaia¿, 8 kantuz osatutako lana. Ruben Garatea batu da proiektura, bere teklatu eta sintetizadoreekin. Kontzertuak indartu eta abesti berriak sortzeko gogoz dabiltza.
7. atala
27/10/2025
Nor Naizen Baneki, Jurgi Ekiza, Arantzazu Lizartza eta Argazki bat behelainoan
2000 urtez lurpean egon den brontzezko esku batek nor garen hausnartzera eraman ditu Axut! eta Artedramako kideak. `Nor Naizen Baneki¿ antzezlanak garai historiko ezberdinen arteko loturak oholtzaratzen ditu laser argi artean. Jurgi Ekizak `Kontakizunetik at¿ kantua abestu eta jo du Donostiako Uliako Mintegien Parkean. Medikua den idazlea da Arantzazu Lizartza, idazlea den medikua. Berastegiko gaztainondo artean bere poesia lanaz eta beste aritu da. Arkaitz Artola musikariaren ezizena izan da azken 20 bat urteetan, eta orain talde izena ere bada. `Geldi Gu Eta Dena Huts¿ diskoa atera ondoren, zuzenekoak prestatzen ari dira Intxaurrondoko Kultur Etxean.
8. atala
03/11/2025
Eros eta Afroditaren aitortzak, Popel, Iker Munduate eta Mikel Bida
Sexu aniztasuna da Andoni Mutiloak sortu berri duen obraren ardatza. Umorea erabili nahi izan du horretarako, eta musikala iruditu zaio tresna egokiena. Boliña Zaharrean elkartu gara Oier Plaza eta Hannot Mintegiarekin. Pragan estreinatu ondoren, Donostiako Zinemalditik pasa berri da Popel dokumentala. Pragan nazien errepresio olatu gogor betean, Strašniceko errausketa-labeetako istorioa kontatzen dute gernikarrek. Ambient musika izaten du lagun Iker Munduatek. Bere proposamen kuttunak ezagutu eta berari buruz gehiago jakiteko asmoz elkartu gara musikari donostiarrarekin hiriko Egia auzoan. Mikel Bida artistak bere lanaren inguruan hitz egin digu. Estilo eta formatu ezberdinetan lan egiten du eta Bermeoko Topoie margotu digu akuarelekin.
9. atala
06/11/2025
Promesarik Txikiena, Zeru Ahoak, Garazi Etxaburu eta Kalamo Kurrente
Zein da lagun bati egin zenezaken promesarik txikiena? Galdera horretatik abiatu dira Infinitudrama konpainiako kideak, laguntasunari buruz hausnartzen duen lagun talde bat. ‘Zeru Ahoak’ telesailaren soinu banda egin du Aitor Etxebarriak. Ez da Koldo Almandozekin lan egiten duen lehen aldia eta azken honetan, konplexurik gabe aritu dira. Istorioaren iluntasunak, distirak eta tono baxuak erakutsi dizkigu. Ondarroako kaleetan barrena aritu zaigu Garazi Exaburu dantzaria bere liburu, disko eta pelikula kuttunez. Doltza, Ane Zugaza eta Imanol Cantero bakarlarien musikak elkartu eta zuzeneko bateratua eskaintzen dute. Kalamo Kurrente izena du proiektuak. Musika bakarka zein taldean sortzeaz aritu gara hirukotearekin.
10. atala
13/11/2025
Kaka, La Grieta, Niko Bortolini eta Labar
Uzkirik gabeko gizarte batean kaka-mokordo bat agertu da. Hori da Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabalak idatzi eta ekoiztutako antzerki-lanaren abiapuntua. Beraiekin batera oholtzara igoko dira Mikel Laskurain eta Ainhoa Aierbe aktoreak. Bilbon elkartu den margolari taldea da La Grieta. Guztiak pintura masterrean ezagutu ziren; eta orain, elkarrekin egin duten lehen erakusketa ikusi daiteke Bilboko Marragunea espazioan. Sartu berri diren estudioan izan gara. Musikan asko aritu da Niko Bortolini; besteak beste Nize, Otoi eta J Martina taldeetan aritu izan da. Diseinatzaile grafikoa ere bada, kartelak, diskoen diseinuak eta merchana ere sortu ditu talde ezberdinentzako. Bi EP publikatu ditu jada Labarrek. Baina zerbait zabalagoa da egiten ari dena: proiektu musikal performatibo bat. Soinuaren ekoizpenaz, diskurtsoez, iruditegiaz eta zuzeneko emanaldiez hitz egin ditu Donostiako 27 Poligonoan.
11. atala
20/11/2025
Aro Berria, Bizi Sintetikoak, Julen Apella eta Gori Gori
Urteetako militantziaren ondoren, frankismoaren amaiera etsipenarekin bizi duten gazteen istorioa kontatzen du Irati Gorostidik bere azken filmean. Aurretik hainbat lan eginikoa da eta “Aro Berria” osatzeko baliagarriak egin zaizkionak. Orain pelikularekin estuki lotutako erakusketa zabaldu du Tabakaleran. Poesia eta musika elektronikoa elkarrizketan jarri dituzte Leire Vargas poetak eta Jaime Nieto musikariak Donostiako Uliako Mintegien Parkean. ‘Sakelako bihotzak’ bere aurreneko nobela idatzi berritan elkartu gara Julen Apella idazle berriztarrarekin. Herriko belodromoa ezagutu dugu eta bertan aurkeztu dizkigu bere gustuko proposamenak ere. Ainara Gurrutxagak eta Ander Fernandezek sortu zuten Gori Gori musika taldea 2024an, orain Manu Gaigne batu zaie perkusioetan. Bidaia bat bezala sentitzen dute proiektua; eta bidaia horretan, eszenografiarekin lanean aurkitu ditugu Bilboko Kampai Espazioan.
12. atala
27/11/2025
Mina Espazio, Gaua, Oier Zuñiga eta Amaia Carrere
XX. mende bukaera aldera Bilbok kulturgune autogestionatu bat izan zuen: ‘Mina Espazio’. 25 urte beranduago Libe Estebaranz antzerkigileak obra esperimental bat sortu du mugimendu hura gogorazteko eta bide batez antzerako espazio bat birsortzeko. Paul Urkijo zuzendari arabarraren azken film luzea da ‘Gaua’; euskal mitologiako elezahar eta kondaira ilunenei eginiko omenaldi bat. Pelikulako sekuentzia bat erakutsi digu. Antzerkigilea eta marrazkilaria da Oier Zuñiga. Bi mundu horien artean bizi da saltoka, baina azken aldi honetan ‘Nor Naizen Baneki’ antzezlanarekin ikusi dugu taula gainean. Santa Ana plazan elkartu gara bere gomendio kulturalak jasotzeko. Txikitatik marrazten du Amaia Carrerek. Iaz bere lehen komiki autogestionatua publikatu zuen, ‘Ilunabar’. Orain, Pasaian dago erresidentzia batean, euskal mitologia eta umorea batzen dituen komiki bat sortzen.