Mikel Perezek eta Iñigo Agirrek erronka bitxiei aurre egin beharko diete, giza gorputza noraino iritsi daitekeen zientifikoki ikertzeko.
1. atala
2023/10/31
Beldurrak
Bikote Bionikoa, zientzia eta umorea uztartzen dituen ETB-1eko programa berria da. Saio honetan inguratzen gaituen mundua hobeto ezagutzeaz gain, giza gorputzaren mugak, beldurrak eta gaitasunak neurtuko ditugu erronka dibertigarri eta eszentrikoen bidez. Horretarako bi giza akuri hautatu ditugu, eguna eta gaua bezalakoak direnak. Alde batetik, Mikel Perez Artola, hartza bezain indartsua, El conquistador del Caribeko 16. edizioko irabazlea, kirolaria, CrossFiteko coach profesionala eta bizi-ohitura osasuntsuak dituena. Bestetik Iñigo Agirre Atxabal, azeria bezain zuhurra eta maltzurra bezain alferra, bon vivant bat, esfortzu handirik gabeko plazerez gozatzea atsegin duena eta bizi-ohitura zalantzakorrak dituena. Naturaz-gaindikoarentzako lekua ere egongo da. Otxate herri misteriotsu eta madarikatuan pasako dute gaua psikofoniak grabatzen¿ Sustoren bat edo beste ere egongo da tarteko. Azkenik erreakzio instintiboak desikasi beharko dituzte, labana zorrotzak botako dizkiete beraie Adimen artifizial bat izango dute gidari: ABA, (Adimen Bioniko Ahalduna). Berak proposatutako proba fisiko eta mentalei aurre egin beharko diete biek. Eta programaren amaieran elkarren aurka lehiatu beharko dira eta bietako bat izango da garaile. Adimen artifizialak, programa osoan zehar, partaideek erronken aurrean izaten dituzten erantzunen azalpen zientifikoa emango du. Lehen saioan, ¿Beldurrak¿, Mikelek eta Iñigok beldur mota ezberdinei egin beharko diete aurre. Finaleko erronka gizakiaren beldur handiena da, bizirik lurperatzea. Ausartuko dira beldurti hauek? Nork eutsiko dio denbora gehien kutxa barruan? Beste beldur mota batzuk ere gainditu beharko dituzte: ezezagunarekiko beldurra esaterako. Eskua sartu beharko dute intsektuz, karraskariz eta gauza likatsuz beteta dauden kutxa batzuetan. Eurak, noski, ez dute ikusiko zer dagoen barruan. Irriak bermatuta daude. Altuerenganako beldurrari ere aurre egin beharko diote eta 40 metroko jausia duen zubi batetik zubi-saltoa egin beharko dute. Tentsio handiko momentuak biziko dituzte.
2. atala
2023/11/07
Giza mugak
Bikote Bionikoa, zientzia eta umorea uztartzen dituen programa da. Saio honetan giza gorputzaren mugak, beldurrak eta gaitasunak neurtuko ditugu erronka dibertigarri eta eszentrikoen bidez. Horretarako bi giza akuri hautatu ditugu, eguna eta gaua bezalakoak direnak. Alde batetik, Mikel Perez Artola, hartza bezain indartsua, El conquistador del Caribeko 16. edizioko irabazlea, kirolaria, CrossFiteko coach profesionala eta bizi-ohitura osasuntsuak dituena. Bestetik Iñigo Agirre Atxabal, azeria bezain zuhurra eta maltzurra bezain alferra, bonvivant bat, esfortzu handirik gabeko plazerez gozatzea atsegin duena eta bizi-ohitura zalantzakorrak dituena. Adimen artifizial bat izango dute gidari: ABA (Adimen Bioniko Ahalduna). Berak proposatutako proba fisiko eta mentalei aurre egin beharko diete biek. Eta programaren amaieran elkarren aurka lehiatu beharko dira eta bietako bat izango da garaile. Adimen artifizialak, programa osoan zehar, partaideek erronken aurrean izaten dituzten erantzunen azalpen zientifikoa emango du. Aste honetako programa ¿Giza mugak¿ izango da. Non dago Mikel eta Iñigoren gorena? Sufrimenduari zenbateraino eutsi diezaioketen testigu izango gara. Finaleko erronka Eric Burrage terapeuta estatubatuarrak gidatuko du, 2 gradutan dagoen izotzdun uretan murgildu beharko dira eta ahalik eta gehien eutsi Wim Hof teknika baliatuz. Nork eutsiko dio denbora gehien? Erronka honen aurretik, entrenamendu gisa beste erronka batzuk bete beharko dituzte: Firewalking esaterako, 500ºc-tara dauden txingarren gainetik ibili beharko dira. Hotzera ohitzen joateko, entrenamendu lez, gau bat igaro beharko dute biluzik Anboto mendian. Komeriak pasako dituzte. Bestalde, Iñigo, Kantauri itsasoan 20 minutuz murgildu beharko da 14ºc-tara eta Mikelen kasuan, 2ºc-tara dagoen hozkailu erraldoi batean sartu beharko da biluzik 30 minutuz. Bikote bionikoaren minaren atalasea ere neurtuko dugu, erditze minen simulazioaren bidez. Giza mugak ardatz dituen saio dibertigarria da BIKOTE BIONIKOA.
3. atala
2023/11/14
Itsasoa
Aste honetako programa ¿Itsasoa¿ izango da. Gizakiari jatorriz ez dagokion ingurugiro batera moldatu beharko da Bikote Bionikoa. Giharra garrantzitsua izango da, baina adimena eta lasaitasun mentala ere beharrezkoak izango dira. Izan ere, baliabide gabe eta laguntza gabe gizakiak ezin du denbora asko bizirik iraun itsasoan. Finaleko erronkan Juan Mari Lujanbio, Fortuna kirol klubeko patroia, izango dute lagun. Plastikozko 400 botilarekin bakoitzak ontzi bat eraiki beharko du eta ontzi horrekin 1.250 metro nabigatu beharko dituzte uretan. Iritsiko ote dira beste lur muturrera? Inolako ingeniaritza ezagutzarik ez duten bi hauen ontziek eutsiko diote? Ala desegin egingo dira? Erronka honen aurretik, entrenamendu gisa beste erronka batzuk bete beharko dituzte: Apnea estatikoa esaterako, Espainiako eta Euskadiko txapeldunak diren Garikoitz Iruretagoiena eta Eider Gutierrezen ezagutzak jasoko dituzte apnea estatikoan lehiatzeko. Gihar handiak izateak ezer gutxi balio duen erronka honetan, nork eutsiko dio denbora gehien ur azpian? Uneoro mugitzen ari den ontzi batean jarduteko, ezinbestekoa da oreka lantzea. Beroketa ariketa barregarriak egin ostean, abiadura handian doan zodiac bati lotutako ¿banana¿ baten gainean jarriko dira eta orekari eutsi beharko diote. Bestalde, errealitatea distortsionatzeaz gain, zorabioa simulatu eta eragiten duten betaurreko berezi batzuekin, olatuen mende dagoen ontzi batean otordu baterako mahaia prestatu beharko dute, mahai-zapi, plater, kopa, eta txakolinarekin, elegante-elegante eta xehetasun handiarekin. Azkenik, nabigazio eraginkor baterako beharrezkoa da pisu banaketa egokia egitea ere. Iñigo eta Mikel uretan jarriko ditugu egurrezko ohol zabal batzuen gainean. Tamaina, forma eta pisu ezberdineko objektuak emango dizkiegu eta banaketa egokia egin beharko dute oreka lortzeko. Pisu banaketa okerrak uretan murgiltzea eragingo die? Akaso Mikel saio osoan lehen aldiz tranpatan ikusiko dugu?
4. atala
2023/11/21
Giza dummyak
Aste honetako programa ¿Giza dummyak¿ izango da. Izenburuak adierazten duen bezala, Mikel eta Iñigo ¿dummy¿ bilakatuko ditugu. Dummyak, kotxe istripuen simulazioetan, mina neurtzeko erabiltzen diren panpinak dira. Kontzeptu horren esanahi zabalena hartu, eta beraien gorputzak esperimentu zientifikoen erdigunean jarriko ditugu. Finaleko erronka Alberto Elorduy, saltsa min ekoizlearen eskutik etorriko da. Zortzi jaki min izango dituzte mahai gainean eta pikante arinenetik (Serrano piperretik) minenera (Heriotza saltsara) jan beharko dute. Pikantearen aurrean, beraien gorputzaren erantzun kontrolaezinaren testigu izango gara. Iritsiko ote dira azken mailara? Eta iristen badira, nork eutsiko dio ondoen? Finala jokatu baino lehen, programari Drifting saio batekin emango diogu hasiera. Probaren lehen fasean, Mikel eta Iñigo, Rebeca Aranburu eta Yaiza Hermosilla drifting pilotuen ondoan eseriko dira eta pistan, beldurra baino zerbait gehiago pasatuko dute. Nola erantzungo dute beraien gorputzek bat-bateko inertzia aldaketetara? Klase praktiko horren ostean, gure bikote bionikoak kotxea hartu eta drifting egiteko hiru aukera izango dituzte. Rebeca eta Yaiza izango dira epaile. Lortuko dute kotxea deskontrolean kontrolatzea? Shaytan izeneko ardi-txakur belgikarraren entrenamendura gerturatuko gara, izan ere, hozka egiteko bi ¿dummy¿ behar ditu. Gure bikote ¿dummyak¿ txakurren haginkaden aurkako jantziak jarriko dituzte eta hauen eraginkortasuna probatuko dute. Gai izango ote dira, gizakiaren erreakzio gaitasuna baino azkarragoa duen animalia bati otzara lapurtzeko? Dummyen funtzioa kolpeak jasotzea da, eta nola ez, gure dummyena ere bai. Akziozko pelikula bateko sekuentzia bat antzeztu beharko dute, eta eszena horren baitan 4 metroko altueratik jauzi egitea tokatuko zaie. Hau guztia, segurtasun neurri bakarrarekin; kartoizko kutxa ahulekin. Minik hartu gabe bukatuko ote dute eguna? Finaleko erronkaren atarian, Goitibehera lasterketan lehiatu beharko da bikotea. Maddi Gutierrez izango dute pilotu-kide.
5. atala
2023/11/28
Hobe trebezia indarra baino
Aste honetako programa ¿Hobe trebezia indarra baino¿ izango da. Izenburuak dioen bezala, indar fisikoa eta trebezia aurrez aurre jarriko ditugu, eta zuhurtzia potentziari nola gailentzen zaion aztertuko dugu. Hori horrela, trebezia eta indarraren esanahi zabalenak hartu, eta gure bi akurien gorputz eta buruak esperimentu zientifikoen erdigunean jarriko ditugu. Finaleko erronka Unai Ardeo herri kirolariaren eskutik etorriko da. Mikelek eta Iñigok 400 kilogramoko harri bat mugitu eta altxatu beharko dute, trebezia erabilita. Hau da, beren zuhurtzia eta adimena aplikatu beharko dituzte, teknika aitzindari bat erabilita, harria mugiarazteko. Gai izango dira harria lekualdatzeko? Eta hala bada, nork altxatuko du aurrena? Finala jokatu baino lehen, programari teknika erakustaldi batekin ekingo diogu. Mikelek eta Iñigok zortzi tonako kamioi bat mugiaraziko dute. Proba honetan Juan Perezek, Mikelen anaiak, gonbidatu berezi bezala parte-hartuko du. Nola da posible pertsona bat kamioi bat mugitzeko gai izatea? Teknika aproposa erabiltzea berebizikoa izango da proba honetan. Tolosa Crossfit gimnasiora joango gara, izan ere, indar-entrenamenduetan ohikoak diren indartzaileen eraginkortasuna zenbaterainokoa den probatuko dute gure bi aurkezleek. Nork bere pisu maximoa altxatu beharko du, eta indartzaile desberdinak hartu ahala, pisu gehiago jaso dezaketen ala ez ikusiko dute. Indartzailerik kontsumitu gabe ezarritako marka pertsonala gainditzeko gai izango dira? Eta zenbateko aldearekin? Mikel eta Iñigo judoan ere ibiliko dira. Kirol honetan, argi eta garbi, trebezia indar fisikoari gailentzen zaio. Teknika sinple batzuk ikasi ostean, Iñigok Mikeli irabazi diezaiokeen ikusiko dugu. Teknika erakustaldiekin jarraituz, gure akuriek Elisabeth Luengo arkulari profesionala bisitatuko dute. Mikelek eta Iñigok 25 kilogramo energia potentzial 220 kilometro orduko energia zinetiko bihurtzen dituzten arkuak probatuko dituzte, eta, horiekin, arkulari onenaren titulua eskuratzeko buruz burukoa jokatuko dute.
6. atala
2023/12/05
Guinness errekorrak
Aste honetako programa ¿Guinness errekorrak¿ izango da. Planeta osoan zehar hautsitako hainbat Guiness errekor ikusiko ditugu saio honetan. Hori horrela, Mikel eta Iñigo aurretik finkatutako marka batzuk hausten eta beste berri batzuk finkatzen saiatu beharko dira. Finaleko erronkan bi su-itzalgailu eta aulki bat erabiliz, propultsiozko ibilgailu bat eraiki beharko dute. Ibilgailua fabrikatzea, eta, horrekin, Guiness errekor bat haustea lortuko al dute? Eta lortuz gero, nor iritsiko da helmugara aurrena? Finala jokatu aurretik, hainbat Guiness marka gainditzen saiatu beharko dira. Besteak beste, zotzak erabiliz, 60 segundotan kilo bat gelatina jatea. Gaur-gaurkoz, errekorra 716 gramotan dago finkatuta. Gaindituko dute? Programa honetan, Mikelek eta Iñigok matxardez estaliko dituzte euren aurpegiak. Egun, 161 pintzatan dago errekorra. Partaideek minari eutsi beharko diote, eta, bitartean, ABAk proba era eraginkorragoan egiteko trikimailuak azalduko ditu. Bestetik, Eder Olivencia speedcuberrarekin elkartuko dira. Ederrek hamar kubo osatzeko behar duen denbora tartean, gai izango ote dira Mikel eta Iñigo kubo bana amaitzeko? Ramon Goikoetxea atletak atzerantz korrika egiten erakutsiko die gure protagonistei, baina, berezitasun batekin: urpekaritzako hegatsak eramango dituzte jantzita. Egun, Cristian Lopezek du Guiness marka 50 metroko distantzia 8,82 segundotan zeharkatzea lortu baitzuen. Gure bi akuriak elkarren aurka lehiatuko dira denbora horretara gehien nor hurbiltzen den ikusteko. Azken desafioari bide emateko, gure bi protagonistak Guiness errekor propio bat ezartzen saiatuko dira. Bilboko Maiona kaleko 323 eskailerak igo beharko dituzte. Hala ere, zailtasun bat izango du gure bikoteak: igoera osoan zehar, Mikelek Iñigo bere lepo gainean eraman beharko du.
7. atala
2023/12/12
Airea
Aste honetako programa ¿Airea¿ izango da. Oinak lurretik askatu, eta modu ezberdinetan, zerura egokitu beharko dute. Finaleko erronkan parapente batetik zintzilik, 1.300 metroko altitudera igoko dira. Bi aldiko motor baten laguntzarekin soilik, gizakiari ez dagokion inguru batera moldatu beharko dute, zerura. Gai izango ote dira paramotorrean bihotz-maiztasun arrunt eta lasai bat mantentzeko? Finala jokatu aurretik, hainbat probari egin beharko diete aurre. Horien artean, erortze librera moldatu beharko dute. Madrileko haize-tunel batera gerturatu eta 270 km/h-ko abiadurako haize korronteetan hegan egiten ikasi beharko dute. Inongo teknologiarik gabe, euren gorputzarekin soilik airean mantendu beharko dute. Ondoren, airea baino dentsitate txikiagoa duen helioa hartu, horrekin, globoak puztu, eta horiek 1,5 metroko giza-panpina bati lotuz aireratu beharko dute. Posible izango da panpinak lurretik altxatzea? Hala bada, zenbat globo puztu beharko dituzte? Hurrengo proban astronauten pare jarriko ditugu, orientazio espaziala lantzeko tresna handi baten bidez. Hiru ardatzetan mugitzen den giza giroskopio batera lotu beharko dute. Bat-bateko grabitate aldaketek eragin dezaketen zorabio eta desorientazioari aurre egin, eta baloi bat saskian sartu beharko dute. Gai izango ote dira giroskopiora igo ostean baloia saskian sartzeko? Dena ez da teknologia eta zientzia izango; artearentzat ere tartea utziko dugu. Aire dantza edo tela dantza praktikatu beharko dute. Zuriñe Urrutia akrobata izango dute gidari erronka honetan. Lurretik hainbat metrotara igo eta oihalaren laguntza soilarekin, koreografia eder bat egin beharko dute. Beraien esku egongo da teknika egokia erabiltzea, bi metroko altueratik ez erortzeko.
8. atala
2023/12/19
Etorkizuna
Aste honetako programa ¿Etorkizuna¿ izango da. Etorkizunak dakartzan krisiei egin beharko diete aurre: berotze klimatikoa, plastikoen metatzea, eta elikagai zein ur edangarriaren krisia. Finaleko erronkan, lehen saioarekin paralelismoa eginez, muturreko beroari egin beharko diote aurre. Sauna jantzi batekin, sauna batera sartuko dira, 100 graduko tenperaturara iritsiz. Prest dago giza gorputza tenperatura horietara moldatzeko? Zenbat ur galduko dute prozesuan? Zenbat denbora igaroko dute bertan amore eman aurretik? Finala jokatu baino lehen, esperimentu ugari egingo dituzte. Elikagai krisiari erantzunez, 3D teknologiarekin janaria inprimatzen duten Cocuss enpresara joango dira. Joko honen erronka honakoa da: begiak itxita janari tradizionala eta sintetikoa zein den identifikatu beharko dute. Horretarako hirugiharra, foie-a, sekretu iberikoa, hegaluzea eta txuletoia probatuko dituzte, eta nola ez, horien guztien baliokide sintetikoa. Ondoren, Nerbioi ibaian zehar sakabanatutako 20 plastikozko botila jaso beharko dituzte hydrobike baten, urterako bizikleta baten, gainean eta salabardo baten laguntzarekin. Behin uretako bizikletaren funtzionamendua ulertuta, bietako nork batuko du zabor gehien? Hurrengo proba elikagaien krisiak inspiratutako erronka da. Adituen arabera, biztanleriaren hazkundea dela eta elikagai iturri ezberdinak bilatu beharko dira eta jasangarrienak intsektuak dira. Norgehiagoka honetan, 9 kutxatik 4 kutxa aukeratu beharko dituzte ausaz eta barruan dauden intsektu guztiak jan beharko dituzte. Erronka irabazteko 650 kilokaloriatara iritsi beharko dira. Gai izango ote dira parean jarritako intsektu guztiak jateko? Aukeratutako kutxen kalorien batuketa iritsiko ote da gutxieneko kantitatera? Azkenik, astronautek egiten duten bezala, ura ahalik eta gehien zukutzeko, beraien zuku propioa, hau da, gernua destilatzen saiatuko dira, eta ondoren, edan egin beharko dute. Astronautek erabiltzen duten teknologia gabe eta destilagailu arrunt batekin gai izango dira gernutik ur garbia ateratzeko?