28:43 Pello Zabala eta adimen artifiziala
AArekin sortutako Pello Zabalaren ahotsa, gidoia, kantuak eta adimen artifizialaz egindako beste lan batzuk.
Adimen Artifiziala lan egiteko modua aldatzen ari da. Xabier Iglesias sortzaileak kontatu digu nola eskuz egindako hogei marrazki erabilita animaziozko laburmetraiak egin dituzten Bartzelonako Turismo Agentziarako. Ahotsak ordea, benetako aktoreek ipini dituzte. Nolanahi, gaur egun ahots klonen katalogo zabala dago, euskaraz ez ordea. Mementum Techen Kaze Kai kantaria sortu dute, diskoak grabatu eta zabaldu eta hor dabil sarean bere fan kuadrilarekin.
EITB Labeko Itziar Arangurenek kontatu digu Pello Zabala protagonista izango duen sail bat ari direla prestatzen. Beste herrialde batzuetako adibideak ere ekarri dizkigu. Finlandian esaterako adimen artifizialak egiten duen irrati podkast bat sortzen dute astero.
Ikusentzunezkoen ekoizpenean lana arintzeko modua eman dezake adimen artifizialak. EITBn, Data, AA eta Berrikuntza zuzendariak, Jon Telletxeak kontatu digu erabilerarako oinarriak finkatu eta frogak egiten ari direla zer eta nola txerta daitekeen ikusteko. Garbi dago, beti profesional batek gainbegiratutako edukiak izan behar dutela eta adimen artifizialak egindakoak badira, garbi adierazi beharko dela.
26:53 Saran adina haur
Jaiotza kopuru baxuak lupaz begiratuta: Sarako jaiotza kopuru handiaren adibidea, soziologoaren ñabardurak eta jaiotzak bultzatzeko neurriak aztergai.
Euskadin mila biztanleko 6 jaiotza daude, Lapurdin berriz 9. Haurrak izatea sustatzeko Portugal eta Alemanian dituzten neurriak jaso, eta Iparralde eta Hegoaldearen arteko aldeak aztertu ditugu. Aldaxka haureskolan, Teach for Portugal erakundean eta EHUko soziologia sailean jo dugu atea. Marta Luxan Serrano Euskal Herriko Unibertsitateko soziologoak datuak interpretatu dizkigu aurrena. Jaiotza kopuruak behera egitea esperotzekoa dela dio, guraso izateko adinean emakume gutxiago dagoelako. Portugalen, jaiotza kopuruak gora egin duela kontatu digu Jon de Andresek. Immigrazioaren gorakada handiarekin eta prekarietateari aurre egiteko neurri sendoekin batera etorri dela haurren jaiotzan hazkundea. Haurrak izatea ordea, ez dela diru kontua bakarrik dio soziologoak, zaintzarekin lotuta dagoela eta baita gurasotasuna ikusteko moduarekin ere. Sarako herrian, haur asko jaiotzen dira eta gurasoak gazteagoak dira Iparraldean Hegoaldean baino. Aldaxka haur eskolan hezitzailea da Maritxu Etxeberri. Amaia Arotzarena berriz, hiru umeren ama. Gurasoen etxea zatitu eta bertan bizitzeko aukera dutela azpimarratu du Amaiak, aiton amonak zaintzan inplikatzeak ere errazten duela haurrak izatea, eta kontziliaziorako neurriak ere makulu onak direla.
27:33 Gasolindegi-burdindegia eta taberna-denda
Aezkoa bailaran lan egin eta bizitzeko aukerez eta despopulatzeari aurre egiteko neurriez jardun dugu. Koldo Landa Iruñean jaio zen eta Orbaitzetara, gurasoen herrira joan zen bizitzera oso gazterik. Garbi zuen bertan bizi nahi zuela. Gasolindegi-burdindegia gobernatzen zuen aurrena, gero taberna-denda ere bai, eta pisu turistikoak ere baditu.
Leire Reta Lazkaotarraren aita da izatez Garaioakoa. Berak ere Aezkoan egin du bizitza. Hiriberrin du baserria, abeltzaina da, turistentzako pisuak ditu eta AEKn irakasle ere aritzen da Garraldan. Dibertsifikazioaz eta lan aukerez jardun dugu beraiekin. Patxi Gaztelumendi, Gu Pirinioa elkateko kideak azaldu digu zein diren erronkak eta ematen ari diren pausoak. Ander Goikoa da bailarako medikua, Aezkoako 9 herri txikietan pasatzen du kontsulta eta Orbaizetako alkatea ere bada. Pozik bizi da Iruñetik alde egin eta aitaren herrian. 32 urte ditu. Unai Irigaraik berriz 23 urte ditu, eta Ariben egiten du lan. Auritzko alkatea ere bada.
26:55 Adimen artifiziala lankide
Durangoko We Are Clickers enpresan adimen artifizialari buruzko aholkularitza eskaintzen die enpresei, komertzioei eta beste edozein negoziori AAri esker lana nola automatizatu, arindu, aztertu eta prozesuak ezartzeko. Nolanahi, AAk ez duela pertsona ordezkatuko garbi dute bertako adituek.
Leire Legarreta da We Are Clickers enpresaren sortzailea eta Joseba Maiz berriz, matematikaria eta datu zientzilaria. Biekin aztertu ditugu adimen artifizialaren aukerak eta erabilerarako ezarritako arauak.
We Are Clickers duela ia bost urte sortu zuten eta hiruzpalau ziren orduan. Orain ia hogei langile ditu.
25:26 Bizikletan ibiltzeagatik kobratu
Durangoko Maristak ikastetxeko langileek kilometroko 27 xentimo jasotzen dituzte laneko joan etorriak bizikletan egin ezkero. Autoaren ordez, oinez joatea berriz, kilometroko euro erdia ordaintzen dute. Lanbide heziketako irakasleak dira enpresetara bisitak egiten dituztenak eta eurak dira bizikleta gehien erabiltzen dutenak. 540 ikasle ditu zentruak, 60 langile, eta zentruko sarreretan bizikleten parkinga, kaskoentzako takilak, gurpilak puzteko gailuak eta baita bideak azaltzen dituen mapa handi bat ere. Bizikletako espezialitatea ikasi liteke Maristetan eta etxetik hasita jarri zuten martxan jasangarritasunaren aldeko ekimena.
23:30 32 biztanle eta bi kutxazain daude Ariben
Ander Goitia Aezkoako mediku eta Orbaitzetako alkate da. Iruñerritik aldegin eta aitaren herrian egin nahi izan du bizia. 32 urte ditu eta etxea eraikitzen ari da. Bere arrebak ere gurasoek egindako bidearen kontrakoa egin du, hiriburutik herri txikirakoa.
Koldo Landak ere garbi zuen oporrak eta asteburua pasatzen zituen lekuan bizi nahi zuela eta Orbaizetan bizi da familiarekin eta oraintxe hirugarren umearen esperoan daude.
Aribeko gasolindegia eta denda-taberna kudeatzen ditu eta landetxea ere badu. Ariben daude Aezkoa bailarako 9 herrietako zerbitzu guztiak. Aribek 32 biztanle baino ez ditu. Bi kuktxazain, bi banketxe, denda, taberna, gasolindegia, osasun zentrua eta farmazia ere baditu eta bertara jotzen dute Aezkoako 9 herrietako bizilagunek. Patxi Gaztelumendi Gu Pirinioa elkarteko kidea da. Larrabetzun jaioa, Hiriberrin bizi da. Natalia Ibañez eta Oihane Lorea Iruñera ikastera joan eta itzuli egin dira sorlekura. Aezkoan bizi eta lan egiteko aukerez eta bertako beharrei erantzuteko politikez jardun dugu.
Ariben, garai bateko patatera zaharrean ezarri dute gune ekonomikoa. Despopulatzeaz eta herri txikiak betetzeko neurriez jardun dugu beraiekin.
25:30 Zola berriak bota zaharrentzat
Zapatarien 4. belaunaldikoa da Oskar, eta berak jartzen ditu mendiko zapatila eta botentzako punta- puntako Vibram zola italiarrak. Euskal Herritik ez ezik, Granada, Albacete edo Benasquetik jasotzen dituzte enkarguak eta praka bete lan daukate Amaiak eta Oskarrek Arrasateko lantegian. Vibram etxeak Europako ehun zapatarirekin egin du akordioa zolak jartzeko.
Juantxo mendizaleak kontatu digu katu hankak eta mendiko zapatilak eman dizkiela azpi berriak jartzeko. Bidalketa arintzeko, lagun kuadrilaren oinetakoak hartu eta denak batera eramaten dituzte Arrasatera.
Maite Maiora mendi lasterkariak babesle du Vibram etxea. Oskar eta biak ados daude: Oinetakoen zola on batek ez dizu mendi lasterketako garaipenik ekarriko, baina azpi desegoki batzuen erruz galdu zenezake karrera bat.
24:55 Haurtzaindegia eta gimnasioa lantokian
Donostia ospitaleko Umetxo haurtzaindegian ordutegi zabalak dituzte eta opor garaian ere zabalik egoten da. Haurrak bertara eramaten dituzten osasun profesionalek zaintza zerbitzua lantokian bertan izatea abantaila handia dela diote. Bizkaiko parke teknologikoan, Zamudio eta Derioko kanpusean ere badute haur eskola, baita fisioterapia zentrua ere. Lantokian zerbitzuak izatearen onurak aztertu ditugu gaurko erreportajean. Parte teknologikoan kotxea partekatzeko sistema, elkarrekin korrika egiteko zitak, etab. ere badituzte.
27:53 Baso bat Lesakan kiskalitako lurretan
Lesakan, suak 400 hektarea kiskali zituen 2021eko otsailean. 13 hektarea baso bihurtzeko, 18 mila zuhaitz landatuko dituzte Lesakan, suak kiskalitako Eskolamendi inguruan. Ametzak eta haritzak gehien
Nafarroako enpresa korporazio publikoak eta eragile pribatuek elkarlanean egingo dute basoberritzea eta co2 emisioak konpentsatzeko helburua ere badu. "Karbono hustubide" gisa katalogatuko dute CPEN basoa. Lesakako alkate den Ladis Satrustegi, INTIAko komunikazio arduraduna den Mikel Huarte, Arcelor Mittal lantegiko segurtasun arduraduna den Iban Garro, Alex Ayerdi Oses eraikuntza enpresako dibersifikazio eta jasangarritasun arduraduna, Santos Etxegia GAN-NIK elkarte publikoan basoaren kudeaketa teknikaria, Rural Kutxaren gizartekintza arduradun den Jabier Martinez eta CPENen komunikazio bulegotik Nagore Eslaba izan ditugu ekimena zertan datzan azaltzen.
Lesakako baso-berritzeak berotegi-efektuko 4.829 tona gas konpentsatzea lortuko du bere balio-bizitzan, iaz isuritakoaren % 10. Parte hartzen duten eragileek beren aztarna ekologikoaren kalkulua nola egiten duten eta zein ekarpen egingo dituzten kontatu digute. Enpresetan, orain 100 tonako ordaina ematea aukeratzen duenak urteko planaren arabera, 550 tona zurrupatuko ditu landaketari esker. 50 tonako sortan, 275 eta txikienean, 25ekoan, 137 tona.
28:08 Jangelako lentejak etxerako
Eskolako jantokian sobratzen den janaria etxera eramaten dute Donostiako Altza Bigarren Hezkuntza Institutuko ikasleek. Orioko Herri Ikastolan berriz, vending makina jarrita daukate eskola kanpoan herritar guztiek hartzeko moduan. Ikasleek eurek egiten dute elikagaien xahuketari aurre egiteko prozesua.
26:14 Jubilatzeko prestatu
Jubilaziorako prestakuntza ematen dute enpresaz enpresa Bizipoz kooperatibakoek: Erreka Groupeko adibidea jaso dugu ondorengo erreportajean.
Lan bizitza ixteko enpresa afari bat eta opari bat ematea gutxitxo iruditzen zitzaion Oihana Ezkurra Errekako Antzuolako plantako giza baliabideetako zuzendariari. Bizipozen, Eider Etxebarria topatu zuenean erabaki zuten jubilatu behar zuten langileei 3 eguneko ikastaroa ematea esker onak emanez. Pentsioez, bizitza osasuntsuaz, boluntariotzaz eta erretiroa hartu ondorengo aro berriak ekar dezakeenaz jarduten dute saio hauetan.
26:20 Etxe konpartitua Artiedan
Arterra Bizimodun, elkarrekin bizi dira berrogeita hamar lagun. Norberarentzako tokia eta partekatua dituzte.
Denentzako jangela dute, baratzea ere bai. Indarrak batu, lana partitu eta ingurumen aztarna gutxitzen dute. Nafarroako Artieda herrian dago Arterra Bizimodu. Garai batean hotela zen, aurrez, apaiz eskola eta duela hamar urtetik bizileku konpartitua. Alokatuta daukate eraikina. Hilean bost mila euro ordaintzen dute eta orain jabeak salgai jarri du eta erostea erabaki dute. Soziokrazian erabakiak nola hartzen diren eta beste era batera nola bizi diren kontatu digute Koldok, Maitek, Maiderrek, Sergiok eta Andreak. Zaharrenak hirurogeita hamar urte ditu eta hamaika ume ere bizi dira bertan. Badira gela bateko apartamentuak, biko eta hirukoak daude eraikinean. Nahi duenak jangela konpartituan bazkaldu dezake menua ordainduta. Afaria norberaren kontu. Denda komunitario bat dute, eta denentzako espazioak dira jangela, taberna, areto handiak, garai bateko kapilla, orain elkartzeko leku dena. Koruan, musutruk denda arroparekin. Bisitentzako gunea, garagardoa egiteko sukaldea, eta bizitza bizitzeko modu konpartitu bat dute.