Poesia bizitza da eta bizitza, poesia.
1. atala
Begiak, zenbat balio du?
Pablo Hasel raperoaren atxiloketa salatzeko manifestazioetan poliziaren tiroz begia galdu du neska batek eta horren arian sortu du "Astelehen Poetikoak" saioan Josu Goikoetxeak. Podcastean, begia gaitzat duten Joan Margarit, Bitoriano Gandiaga eta Leire Bilbaoren poesia-zatiak hautatu ditu. Poesia da protagonista nagusia "Astelehen poetikoak" podcastean.
2. atala
''Hizkuntza berri bat ikasten ari naiz, oraindik totelka''
Emakumearen egunaren arian Feminismotik egin du aukeraketa Josu Goikok bere irakurketa poetikorako. Aitortu digu, "totelka" baina ari dela ikasten feminismoaren hizkuntza, ahalegin osoz, nahiz eta jakin badakien "gramatika osoa" ez duela sekula dominatuko. Uxue Alberdik itzulitako Alfonsina Storniren poema bat, Adrienne Richen beste bat, kasu honetan Maialen Berasategik itzulia, eta Mari Luz Estebanen beste ale bat dira podcast honetako aukerak.
3. atala
Indusketa poetikoan: ''Liburuei bizitza laburregia ematen zaie''
Josu Goikok liburutegietako apaletan dagoeneko ez dauden poesia liburuei eskaini nahi dizkie datozen "Astelehen poetikoak". Podcastean bere iritzirako liburutegietan "denbora gutxiegi" egiten duten poesia liburuetako poemak aukeratu eta ahots goran irakurriko dizkigu. Arantxa Urretabizkaiak idatzitako bi poemari eskaini dio atal hau. "San Pedro bezperaren ondokoak" poema horietako bat, 1972an idatzia baina aktualitaterik galdu ez duena. Euskal Herrian Europako beste lekuetan baina poesia gehiago irakurtzen dela badaki, horregatik argia eman nahi die "almazen ilunetan" gordeta dauden poema liburuei. Poesia da protagonista nagusia "Astelehen poetikoak" podcastean.
4. atala
Itzulpengintzari esker ezagutu ditugu Poeta on asko
"Astelehen poetikoak" podcastean, itzulpengintzari esker ezagutu dugun poesiari buruz hitz egin digu Josu Goikok. Joseba Sarrionandiak du "Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak" izeneko liburua. Liburuki horretatik aukeratu ditu Josuk gaur irakurri dizkigun poemak.
5. atala
Karmele Igartua: Bizitza, heriotza, mina, pozarekin eta denborarekin tira-biran
Karmele Igartua poeta aretxabaletarraren "Itsaso kontra bat" du izena Josu Goikok podcasterako aukeratutako liburuak. Pamielak argitaratu zuen 2011. urtean. Ordurako bada, egilea hilda zegoen, Igartuak heriotza ekarri zion gaixoaldian idatzi zuen liburua; bizitzarekin, heriotzarekin, minarekin, pozarekin, denborarekin eta beste hainbeste gairekin tira-biran zebilela. Tere Irastortza poeta lagunak egin zizkion azken zuzenketak Igartua hil ondoren, baina Irastortzak esana da, liburua ia osorik zeukala egileak prest. Ekimen "oso ausarta da", Josu Goikoren iritzirako. Indarra behar bait du pertsonak poesia idazteko egoera horretan. "Garen-garena", "Belaontzia" eta "Esadazu maitte nauzula" dira EITB Podkasten ale honetarako Josu Goikoak aukeratu dituen poemak. Poesia da protagonista nagusia "Astelehen poetikoak" podcastean.
6. atala
Juan Kruz Igerabide: ''Ahozko literaturen iturritik edanez''
Badira idazle batzuk asko idatzi eta beti oso ondo egiten dutenak. Ba al dago Juan Kruz Igerabide baino egile oparoagorik euskal literaturan? Haur eta Gazte literaturan da batez ere ezaguna Adunako idazlea eta hor du lanik ikusgarriena: hainbat eleberri eta ahozko literaturen iturritik edaten duen poesia. Ezaugarri bat: haren umeentzako poesian, sarri nabari da haiku japoniarren eragina. Helduentzako poesia ere badago Igerabideren idatzien artean, maitasunari edo heriotzari dagozkion gaiak tartean. Hiru poema aukeratu dizkigu Josu Goikok podcasterako, "Esperantzari leiho bat" ," Lagun bat hil zitzaigun joan den astean; etxean izan ditugu haren emaztea eta alaba" eta "Maitasunaren gogoeta". Entzun bere ahotsean. Poesia da protagonista nagusia "Astelehen poetikoak" podcastean.
7. atala
Gloria Fuertes: Josu Landak itzulitako poeta, lesbiana, ezkertiar eta feminista
Urte batzuk ditugunok haurrak ere izan ginen, aspaldi, eta Hegoaldean hazi ginenok, ETB etorri arte, Televisión Española baino ez geneukan telebistan. Baziren garai hartan saio batzuk "La cometa blanca" eta "Un globo, dos globos, tres globos" izenekoak, eta saio haietako kolaboratzaileen artean, bazen emakume bat, urtetsua, ile labur urdinduna, ahots lakarrekoa, poeta. Umeentzat idazten zuen Gloria Fuertesek, baina baita helduentzat ere. Ibilibide luzeko poeta zen Fuertes, eta haren poemetan, batez ere hasierakoetan, ikusten da frankismo gogorreko urte grisean bizimodua atera behar zuen emakume langile bat. Haurrentzako poemetan bezala, haren helduentzako poemetan badago doinu jostari bat, baina eguneroko bizitzako zertzelada gordinez jantzia. Haren mende hurrenarekin bat etorriz "Euskarari ekarriak" izeneko webgunean haren antologia zabal bat ondu zuen Josu Landak handik aukeratu ditu Josu Goikok, podcast honetarako hiru poemak. "Ez dute idazten uzten". "Ez dezagun denbora gal" eta "Autobio" egilearen biografia biltzen duena. Poesia da protagonista nagusia "Astelehen poetikoak" podcastean.
8. atala
Karmele Jaio: ''Orain hilak'' heriotzaz eta hildakoen bizitzaz
Azaroaren hasieran, hildakoak oroitzen dira kultura askotan eta heriotzari buruko poesiari egin diogu tartea "Astelehen Poetikoak" podcastean. "Orain hilak ditugu" poema liburua Karmele Jaiok idatzia da. Haren nobeletako istorioetan bezala, hemen ere Jaio ez dabil txikikeriatan, eta gaur egungo pertsona helduaren barrenak mahai gainera ekarri eta bistan jartzen ditu Josu Goikoren iritzitako. Bertso lerro laburrez, apaindura gutxirekin, zuzen. Hildakoez eta haien bizitzaz mintzo da Jaio, Josu Goikok aukeratutako hiru poematan. "Gosari aztarnak", " Ihesi II" eta "Ez nazazu begiratu". Poesia da protagonista nagusia "Astelehen poetikoak" podcastean.
9. atala
Xabier Montoiaren tonu garratza eta ironikoa, baina gozoa eta gizatiarra aldi berean
Xabier Montoiaren "Gorraizea" da azken urteotan Josu Goikori gehien gustatu zaion diskoetako bat. Ibon Rodriguezekin ondu zuen Montoiak disko hau eta, zinez, borobila atera zitzaien lana. Kanta ia-ia biluziak dira, piano, biolin, biola eta txeloz lagundutakoak. Kantuen hitzetan, bada, zer esan, musikari eta idazle honen ohiko gaiak eta, batez ere, tonua azaltzen dira: garratza eta ironikoa, krudela eta gozoa, etsia eta ezin gizatiarragoa. Hertzainak eta M-ak taldeetako sortzaile honek poesia idazten ekin zion bere ibilbide literarioari. Nahiz eta gero prosaz idatzi, Montoiaren lehen hiru liburuak poesia lanak dira, hirurak Susa argitaletxearekin eta oso urte gutxian ateratakoak: "Anfetamiña", "Likantropo" eta "Narraztien mintzoa". Gerora, bere ziklo poetikoa ixteko, 2005ean "Bingo" izeneko liburua atera zuen Pamielarekin. "Bingo" da Montoiaren hiru poema liburuen antologia bat gehi ondorengo hamar urteetan idatzitako poemen bilduma. Josu Goikok ohi bezala hiru poema aukeratu dizkigu antologia horretatik "Astelehen Poetikoak" podcasterako: "Atarikoa", "Postrerik gabe" eta Xanti Iparragirreren "Biziaren azala" irakurri ondoan.
10. atala
Angel Erro eta zer diren Arkadiak eta Harkadiak
Arkadia, hatxe gabe, Greziako lurralde bat da, mendebaldeko kulturak leku idiliko batekin lotu duena. Arkadia zoriontsua. "Et in Arcadia ego" da XVII. mendeko pintore frantziar baten margo baten izenburua, non azaltzen den artzain batzuen hilobia, eta hilarrian esaldi hori idatzita. "Eta Arkadian ni". Batzuek uste dute esaldi horrek adierazten duela heriotzaren nagusitza bizi guztiaren gainetik, Arkadia zoriontsuan bizi izan ziren guztiak hilik daudela orain. Denboraren igaroa, eta abar. Eta harkadia, hatxez, euskaraz da harritza, harria edo arroka dagoen tokia. Josu Goikok "Astelehen Poetikoak" podcastean azaldu nahi izan digu, "Eta harkadian ni" liburua argitara eman zuela orain hogei urte Angel Errok, artean 24 urte zituen Burlatako idazle gazteak baina "liburu zoragarria, fina, kultua eta bikain idatzia" da Goikoren iritzirako. Anjel Errok Grezia eta Erroma zaharretako literatura klasikoak hartzen ditu eredutzat bere poemak, "ehun eta bat epigramak" (ziri-bertso laburrak) eta "eglogak" (artzain poemak edo elkarrizketak), idazteko. Handik aukeratu ditu podcasterako irakurgaiak.
12. atala
Beatriz Chivite: Txinako begirada inpresionistak
Beatriz Chivite Ezkieta idazle irundar gazteak Pamielarekin argitara emandako "Pekineko kea" poema liburua ekarri du Josu Goikok "Astelehen Poetikoak" podcastera. Txinako eta inguruetako paisaia fisiko eta gizatiarrak jasotzen ditu poema laburretan, 1.400 miloi biztanle dituen Txinan egin zuen egonaldiaren ispilu. Josuren iritzirako, egonaldiko zertzeladak poema "inpresionistetan" bilakatu ditu idazleak. "Hiri gorrian", "Legarra", "Eginbeharrak", "Eta hantxe nengoen ni", "Haurtzaroko hotza" eta "Negua" izenburuko poema laburrak irakurri dituzte Josu Goikok eta Manu Etxezortuk. Poesia da protagonista nagusia "Astelehen poetikoak" podcastean.
13. atala
Gerardo Markuleta: Itzultzaile fina eta poeta ezin finagoa
Gasteizen bizi den poeta oñatiarrari, Gerardo Markuletari eskaini dio Josu Goikok "Astelehen Poetikoak" podcasta. Agian izen ezaguna publiko zabalarentzat, baina izen estimatua letren munduan eta haren hainbat poema kantu bihurtu dituzte Jabier Muguruzak, Mikel Urdaungarinek eta beste hainbatek. "Itzultzaile fina eta poeta ezin finagoa" jotzen du Josuk Markuleta, eta begi zorrotzeko literatura kritikaria, egun horretan ez dabilen arren. Blas de Oteroren poemak edo eta Jean Echenozen eleberriak eta Julio Cortazarren ipuinak itzuli ditu, eta bere sormenetik ekarriak ditu sei poema liburu. "Batak ez du bestea kentzen" izeneko liburukoak aukeratu ditu "Astelehen Poetikoak" podcastean irakurtzeko, "zein baino zein ederragoa" dio Goikok, "itsutu egin naute". Poesia da protagonista nagusia "Astelehen poetikoak" podcastean. "Iferneguan", "Behin bederen", "Heldu artean" hiruen izen buruak.