
Nerabe paisaia rural-poligonero bat, institutuko korridore atenporalak, "Morora" busean jaistea eta belodromora motorrean igotzea. Hemendik At, Chenoa, Su Ta, lokaleko maromoak, txosnetako goi gerlariak, Largo eta Beda Agarreko sukaldean, erantzun gabeko perdidak, behor hezurrak, istripu bat. Umezaroa elkarren itzalean zabuka igaro ostean gaur da eguna kalean gurutzatu eta batak besteari ez-ikusia egiten diona. Distantzia horrek sorrarazten dion amorrazio retroaktiboak sakatuta zuzentzen zaio Jone Pollyri; neskatotan, ahoak nola-ahala estali eta eskugaina eskugainaren kontra igurtziaz musukatzen zuen txaleteko bizilagunari. Ezer gertatu ez zenean gertatu zen guztia jasotzen du Miren Amurizaren (Berriz,1990) bigarren nobelak. Sasoi baten erretratua da egilearen ahotsean GUAUk audioliburu gisara eskaintzen dizun kontakizuna.