
Gure bizimodu tradizionalari lotuta sortu ziren herri-kirolak euskal kulturan sustraituta daude eta belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dira. Baina azken hamarkadetan herri-kirolei buruzko ikuspegia goitik behera aldatu da. Ikus-entzunezko honen helburua herri-kirolak egiten dituzten emakumeak ezagutaraztea eta balioestea da. Hainbat modalitatetako kirolarien testigantzen bidez (harri-jasotzea, enborrak moztea, sokatira, txingak, sega...), kirol honek emakumeen eremuan izan duen bilakaera, gainditu beharreko zailtasunak eta etorkizuneko erronkak erakusten dira.