
1966an, Bizkaiko ‘Laminación de Bandas en Frío’ enpresako 800 langile izan ziren frankismoaren grebarik luzeenaren protagonista. Langile antolakuntza eta sentimendu antifrankista gero eta handiagoaren baitan asaldatutako une historiko batean, Etxebarri, Basauri eta Otxarkoagako ehunka familia eta bizilagunek borroka bat hasi zuten, gerora etorriko zen langile mugimendu osoarentzat eredu izango zena. Protagonisten eskutik eta haien kontakizun, pasadizo eta bizipenen bidez, diktaduraren zimenduak kolokan jarri zituzten 163 greba egun haien argazkia eraiki dugu.