19:01 ETA-k mehatxatutako zinegotzien ''Ahots beldurraraziak''
"Ahots beldurraraziak", "Memoria Eraikiz" izenburupean abiatzen dugun podcastaren lehen atala da. EITB Mediak Gogora Institutuarekin elkarlanean, memoria, bizikidetza eta giza eskubideen defentsan abiatu duen ekimena da. Podcastean bilduko diren edukiak, askatasuna, berdintasuna eta giza duintasunaren balioak leheneratzeko eta sustatzeko helburua dute.
Lehen atal honetan, kargu publikoetan izan ziren zinegotziek bizi izan zutena biltzen da. 90eko hamarkadan, ETAk sufrimendua gizarteratzeko estrategia martxan jarri zuen. Ordutik eta bere amaierara arte, 500 zinegotzik baino gehiagok jazarpen-kanpaina iraunkor bat izan zuten beren herrietan. Zinegotzi horietako batzuk "ahots beldurraraziak" dira. Hamahiru urte baino gehiago iraun zuen egoeraren lekukoak.
Jasandako jazarpenak etxeko ateak zeharkatu zituen. Hara iristen ziren tentsioz betetako osoko bilkuren oihartzunak, kaleko irainak, eta heriotza-mehatxuak. Eskoltekin eta beldurrez bizi izan ziren, erakunde armatuaren helburua baitziren, eta, zeharka, beren familia osoa.
Hala ere, hain barneratua genuen errealitate horrek gogoetarako ahotsak ere eskaintzen digu.
29:41 ''Gazteoi zail egiten zaigu biktimekiko enpatia adieraztea, informazio osatua falta zaigu''
"Ahots beldurraraziak" dokumentala ikusi ostean solastu gara hiru gazterekin eta ondorio garbi bat atera dute, bizi izan ez dutenarekiko ezin dute enpatiarik izan. Julen Hernandezek gidatutako mahai inguruan elkartu ditugu, Unai Loiarte Miguel 23 urteko Zuzenbide ikaslea eta bi kazetari, 27 urte dituen Maialen Ferreira Frutos eta Miriam Aranburu Aldasoro, 29 urtekoa.
Urte askotako isiltasunak historia ezagutzeko aukera "kendu" egin diela sentitzen dute eta orain kontakizunerako atea zabaldu denean, "gehiegi" errepikatzen direla biktimen gaiak, gazteei informazio guztia batera ulertarazi nahian. "Memoria eraikiz" podcastean jaso dugu eztabaida.
19:41 Euskal Rock, Erradikala! Erradikala?
Rock Radical Vasco–Euskal Rock Erradikala 1983ko urriaren 22an jaio zen. Egun horretan, Tuteran egindako NATOren aurkako jaialdian rock talde batzuk bildu ziren. Denak ziren euskaldunak eta haien kantak erradikalak ziren, 80ko hamarkadako egoera soziopolitiko nahasiaren isla: gazteen langabezia, drogen kontsumoa, desilusio politikoa, kaleko mobilizazioa, terrorismoaren garai gogorrena...
Gizartearen aldaketa aldarrikatzen zuen belaunaldi baten musika izan zen, baina horrek ez du esan nahi mugimendu honetara ikuspegi kritikotik hurbiltzerik ez dugunik.
15:40 Ahanzturatik atera beharreko istoroak
Kontatuko ditugun gertaerak duela 50 urte izan ziren, Franco hil ondoren. Urteek gertatutakoaren oroimenari eragin diete. Esperientzia horietako asko egunkari-zati batean, etxeko kaxatxo batean, edo biktimen bihotzean gorde behar izan ziren. Orain bai. Motibazio politikoaren testuinguruan Giza Eskubideen urraketen biktimak artatzen dituen 2016ko legeak zirkulua ixtea laguntzen du.
Guardia zibilaren bidegabeko indarkeriari buruzko hiru kontakizun. Eta urte askoan gaiari buruz hitz egin ez duten lau familia.